Antolatzaileek jakitera eman dutenez, zoru pelbikoa izango da egitarauko gai nagusietako bat. “Azken urteotan gehiago entzuten den kontzeptua bada ere, nahiko ezezaguna da oraindik gure artean. Askotan haurdunaldiarekin edo haurdunaldi ondorenarekin lotzen da, baina gizaki guztiok dugun ehun eta giharrez osatutako egitura da, eta oso garrantzitsua da ahalik eta egoerarik onenean mantentzea”.
Gai horretan sakontzeko bi hitzaldi tailer eskainiko ditu Marina Keller Alvarez Sura osasun zentro integraleko fisioterapeuta eta osteopatak. “Helburua da herritarrekin egunerokotasunean baliagarri zaien praktikoa lantzea, norbere zoru pelbikoa osasuntsu mantentzeko jarraibideak edo gomendioak partekatuz”. Lehenengo saioa bihar (martxoak 1) egingo dute, 18:00etan, Agirre jauregiko Ispiluen gelan; hain zuzen ere, saio horrek emango dio hasiera aurtengo egitarauari. Saio bera Itziarko Burugorri aretoan ere eskainiko dute, martxoaren 16an, 18:00etan.
Menopausia izango da egitarauko beste gai nagusia. “XX. mendera bitarte gure amek, gure izebek, gure amamek, erabat ezkutuan eraman izan duten gaia da, eta oraindik ere kosta egiten da jendaurrean modu lasaian, naturaltasunez, menopausiaz hitz egitea”. Gai horretan sakontzeko bi hitzaldi tailer antolatu dituzte: Debako Ispiluen gelak hartuko du lehen saioa martxoaren 10ean, 18:00etan, eta Itziarko Burugorri aretoan egingo da bigarrena, martxoaren 24an, 18:00etan. “Egingo diren saioetan informazio eta esperientzia ezberdinak partekatuko ditu Amaia Vazquez Eguzkitza psikologo eta sexologoak, eta zalantzak argitzeko aukera ere egongo da”.
Udalbatzak, bere aldetik, Emakumeen Nazioarteko Egunaren testuinguruan egindako adierazpen instituzionala ere onartu du; dokumentua aho batez onartu zen otsailaren 23an egindako ohiko osoko bilkuran. Ohikoa den modura, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, elkarretaratzea ere egingo da Debako Foruen Plazan, 19:00etan. Mobilizazioaren ondoren, Kalean Kantuz taldeko kideek kantaldia eskainiko dute; 19:30ean abiatuko dira plazatik bertatik.
Debako Kontalariek ere parte hartuko dute egitarauan. Martxoaren 12an saio berezia egingo dute, 17:30ean, Ispiluen gelan. Egun berean, Elbira Zipitria euskaltzale eta hezitzaile aitzindariari buruzko Elbira dokumentala proiektatuko da 19:00etan, Kultur Elkartean. Abenduaren 26an estreinatu zuten fikziozko ikus-entzunezkoak, hain zuzen, Zipritriaren bizitzako gertaeretan eta herriari egindako ekarpenean sakontzen du.
Martxoaren 19an, berriz, bakarrizketa eta bat-bateko bertsoak uztartzen dituen Kilimaterioa aurkeztuko dute Ispiluen gelan. 18:00etatik aurrera, Irati Anda, Oihane Perea eta Iratxe Ibarra bertsolariak izango dira bertan, Kaitin Allenderekin batera; azken horrek sortutako Klimaxetik klimateriora eta buelta bakarrizketatik jaio den emanaldia eskainiko du laukoteak.