Aldundiak Debako Udalari zehaztu dioenez, GI-3210 errepidearen 0,250 kilometro puntuaren inguruan egingo dituzte lanak; hau da, Kanala hotelaren inguruan. Zehaztu dutenez, hotel ondotik datorren Donejakue bidea eta Itziarko herrigunea lotuko ditu oinezkoentzako pasabideak, eta eremua herri sarreran dagoen aparkalekuarekin lotuko da espaloi berri baten bitartez.
Lanak Excavaciones y Transportes Orsa SL enpresario esleitu dizkiote eta aurrekontua 135.597,03 eurokoa da (BEZ barne). Astelehenean (martxoak 6) hasi zituzten lanak, eta aurreikuspenen arabera, 11 asteko epean amaituko dituzte.
Azpimarratu dute bide segurtasuna hobetzea dela lanon helburua. Horretarako, ibilgailuen zirkulazioari eta oinezkoen mugimenduari dagokion jarduera eremua berrantolatuko dute. “Proposatutako irtenbidea galtzadaren albo biak elkarrekin lotuko dituen oinezkoentzako pasabidea eraikitzean oinarritzen da”. Gaineratu dute oinezkoek ez dutela lehentasunik izango eta egitura hormigoizko irlatxoekin babestuko dela.