Maiatzaren bigarren igandean ospatu ohi da Herri Urrats Senperen (Lapurdi) eta aurten maiatzaren 14rako deituta dago hitzordua. Beste behin ere, Seaskak festan parte hartzeko dei egin die euskaltzale guztiei eta jakinarazi du irailean irekitzekoa duten Seaskaren bosgarren kolegioarentzat izango dela aurten bilduko duten dirua.
Deialdiarekin bat eginez, Senperera joan-etorria egiteko autobusa antolatu dute aurten gurean. 08:45ean abiatuko da autobusa Debako estalitako pasealekutik, hamar minutu beranduago jasoko du jendea Itziarko biribilgunean, eta itzulera ordua 19:00etan izango da, Senperen. Txartelak maiatzaren 13ra artean egongo dira salgai Labatai tabernan.
Urratsak zubi da aurtengo Herri Urratsentzat hautatu duten leloa, eta Su Ta Gar talde eibartarrak sortu du kantua. “Zubiek herria batzen dute, Hego eta Ipar Euskal Herria batzeko lan egiten du Seaskak, eta baita euskara eta jendartea lotzeko ere”, azaldu du Koldo Rodriguez Herri Urratseko koordinatzaileak. “Azken urteetako urratsek zubiak eraikitzeko balio izan dute, eta lan horretan jarraitu behar dugu, zimenduak indartzen”.