GUTUNA

Gutuna: “Hauteskunde usainean auzoetara”

Berriketan 2023ko mai. 17a, 09:33

Hona hemen Jose Oñederra Saleguik Berriketan herri aldizkarirako idatzi duen gutuna.

Gutun honen helburua da Debako Udalak Mendi Bideen ordenantzan egindako kudeaketa txarraren ondorioak herritar guztiok ordaindu beharko ditugula jakinaraztea. Labur-labur gure kasua azalduko dizuet:

2021eko apirilean hasi zen guztia. Basoa ateratzeko baimena eskatu genuen. Egindako txostenak zioen bezala, fidantza ordaindu genuen. Basoa ateratzen amaitu bezain azkar, uztailean, fidantzaren itzulketa eskaera egin genuen. Denbora pasa eta pasa, eta ez genuen inolako erantzunik. Azkenean, urte eta bost hilabete beranduago erantzuna iritsi zaigu. Txostenak dioen moduan, zati bat apurtu egin zen eta fidantzaren zatitxo bat (%6,7) bueltatzea ebatzi dute.

Gainera, 12. artikuluak dioena ez dute bete, ez baitigute guk konpontzeko aukerarik eman. Bueno, erreklamatu ondoren eman digute. Konpontzeko egindako aurrekontua egin zenean KPIak zuen balorea eta gaur egun duena ez datoz bat eta, ondorioz, igoera hori herritar guztiok ordaindu beharko dugu, udalekoek erantzuna berandu emateagatik.

Orain, hauteskunde garaian gauden honetan, baserriz baserri euren burua aurkezten dabiltzanak “apurtu eta konpondu gabe” dauden errepideetatik pasatzean kontuz ibili daitezela, bidea ez dadin gehiago apurtu. Dirudienez, hauteskunde usaina dagoenean bakarrik gogoratzen zarete errepide horietatik egunero pasatuz baserritik bizi diren herritarrez. Hauteskundeak pasa ondoren, berriro ere hor konpon!