Udako denboraldiari hasiera eman dio jada Debako Turismo Sailak; Geoparkearekin lankidetzan, aurten ere uda sasoirako bisita gidatuen eskaintza zabala osatu du. Bertaratuko diren bisitarien eskaerei modu egokian erantzuteko eta udalerriaren historia eta erakarpen turistikoa balioan jartzeko bost proposamen izango dira aukeran: Lastur familian; Flysch beltza; Gotikoaren altxorra, Deban; Marearteko zabalgunea eta Debatik Zumaiara itsasontziz.
Irteeretako batean zein bestean parte hartzeko interesa dutenek aurrez izena eman beharko dute. Debako turismo bulegora gerturatuta, Geoparkearen webgunean sartuta, 943 19 24 52 telefono zenbakira deituta edo turismoa@deba.eus posta elektronikora idatzita egin daitezke erreserbak.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, ia-ia egunero egingo dira jarduerak. Debatik Zumaiara itsasontziz izeneko irteera, esaterako, uztaileko, abuztuko eta iraileko hainbat egunetan egin ahal izango da. “Parte hartzaileak Anes Arrinda pasealekutik abiatuko dira, eta ordubeteko ibilbidea osatuko dute itsasontziz, Deba eta Zumaia lotuz”.
[Kontsultatu HEMEN bisita gidatu guztien egutegia]
Uztailaren 3an abiatuko dira, berriz, Debako hondartzan eta itsas pasealekuaren artean oinez egiten diren Flysch beltza bisita gidatuaren udako hitzorduak. Gidari espezializatu baten eskutik, Debako flysch beltzaren sekretuen berri izango du bisitariek. Ordu eta erdi irauten duen bisita uztailaren 6an eta 10ean eta irailaren 15ean ere errepikatzeko aukera dago.
Lastur familian izeneko ordu eta erdiko bisitaz gozatu nahi dutenek, aldiz, hiru data izango dituzte aukeran: uztailak 22, abuztuak 26 eta irailak 13. Lasturko San Nikolas plazan elkartu ondoren, errota zaharrean artoa ehotu, eta irinaz taloa egiten ikasi eta txistorrarekin jateko aukera izango dute parte hartzaileek. Gotikoaren altxorra, Deban bisita gidatua egiteko ere hiru data ezarri dituzte; uztailaren 24an eta 31n eta irailaren 8an egongo da ordu eta erdi irauten duen bisita egiteko aukera.
Abuztuaren 2an eta 31n eta irailaren 3an eta 30ean, azkenik, Marearteko zabalgunea izeneko bisita egiteko aukera ere izango da. “Bisita honek biologiari erreparatzen dio, batez ere, eta beraz, itsasbehera oso behean dagoenean bakarrik egin daiteke: itsas izarrak, olagarroak, itsas erbiak eta bestelako izakiak ezagutzeko aukera eskaintzen du”. Sakonetako Errota Berri landetxean bisita, eta parte hartzaileek hiru ordu inguruko ibilbidea osatuko dute.
[Kontsultatu HEMEN bisita gidatu guztien egutegia]