Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, eskualdeko udalen, Debegesaren eta Debabarreneko Gizarteratze eta Laneratze Sarearen arteko lankidetzari esker sortu da proiektua. Eta, arduradunek laburbildu dutenez, programa horien helburua zera da: gizarteratzeko eta laneratzeko enplegu-, orientazio- eta laguntza-ibilbideak sortzea enplegu aukerak zabaltzeko, formakuntza bat jaso ondoren. Alegia, egoera zaurgarrian dauden gazteei lan munduan sartzen laguntzea da helburu nagusia, horretarako prestakuntza, orientazio eta kontratazio prozesuak baliatuta.
Programetan parte hartzeko interesa duten gazteek irailaren 15a baino lehen eman beharko dute izena Lanbiden (hemen eta hemen).
Bi fase: formakuntza eta lana
Programek bi fase dituzte. Lehenengoan, prestakuntza teknikoa egingo da eta Eraikuntzako estaldura arin eta teknikoen oinarrizko eragiketen profesionaltasun-ziurtagiria lortuko dute. Gainera, beka ekonomiko bat edukiko dute ikasleek.
Bigarren fasean, bestalde, parte hartzaileei 10 hilabeteko iraupena izango duen aldizkatze kontratu bat egingo zaie berritze- eta gaitze-lan errealak egiteko: eraikinak birgaitzeko benetako lanak, hiri-birsorkuntzako obrak; gizarteratze eta garapen komunitarioko proiektuei lotutako gune edo zerbitzu soziokomunitarioak hobetzea; jasangarritasun eta/edo eraginkortasun energetikoko proiektuetan laguntzea hiria birgaitzeko. Lan horietan, ikasi dituzten teknikak aplikatuko dira: igeltserotza, pladurra jartzea, barnealdetik eta kanpotik isolamenduak jartzea, pintura, sabai faltsuak jartzea, lurzoruak jartzea, iturgintza, zurgintza eta elektrizitatea.
Kokapena eta hasiera datak
Debabarrena Berritzen II proiektuaren kasuan, programaren aurreko edizioan hasitako lanekin jarraitzea aurreikusten dute, Olaldean (Soraluze) dauden udal lokaletan eta Ezozibideko hiri-birgaitzerako proiektuei lotutako beste espazio batzuetan, baita Olasogain-SIGMA (Elgoibar) auzoko udal eremu komunitarioan ere. Eibar Ekialdea Berritzen proiektuaren kasuan, berriz, Ondamendi prestakuntza espazioaren eta Barrena eremuko beste gune batzuen zaharberritzea aurreikusten dute.
Lan horien helburua espazio publikoak prestatzea da, komunitate-, prestakuntza- eta kultura-erabileretarako baliatzeko. Programaren fase horiek Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak finantzatzen ditu, Enplegu eta Gizarteratze Sailburuordetzaren bidez, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin batera; izan ere, programak Soraluzen, Elgoibarren eta Eibarren dituzten hiri-birsorkuntzako proiektuekin lotuta daude.
Bi programetan, prozesu osoan zehar, Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratze Sailburuordetzak finantzatutako orientazio- eta laguntza-programaz arduratuko den teknikari bat egongo da, lan merkatuan sartzeko ibilbidea errazteko.
Debabarrena Berritzen II programa urriaren 8an hasiko da eta langabezian dauden 16 eta 30 urte bitarteko 12 gaztek hartuko dute parte. Eibar Ekialdea Berritzen programari, aldiz, urriaren 16an emango diote hasiera eta 10 gaztek hartuko dute parte.