Herritarrei arreta soziosanitarioa emateko gizarte langileak “funtsezkoak” direla argudiatuz, beren “kezka” eta “gaitzespena” adierazi dute EAEko Gizarte Laneko hiru elkargo ofizialek. “Gauzak horrela, egoera hori salatu duten bi ospitaleetako profesional guztiei gure babesa eskaini nahi diegu”, diote prentsa ohar batean.
Elkargoen ustez, “osasunaren barruan alderdi soziala balioetsi behar da. Gizarte laneko profesionalek gaixotasun-prozesuan sor daitezkeen zailtasun emozionalei, ekonomikoei eta sozialei aurre egiten laguntzen dute, gaixoek behar dituzten baliabideak eta zerbitzuak eskura ditzaten erraztuz”.
Elkargoarentzat ezinbestekoa da gogoeta egitea Osakidetzaren egungo egoerari buruz eta gizarte lanak osasun-arretan duen garrantziari eta premiari buruz. “Aldi berean, onartezina iruditzen zaigu gaur egun Osakidetza Estatuko osasun-zerbitzu bakarretakoa izatea lehen mailako arretan (anbulatorioak) gizarte langileak egotea bermatzen ez duena”, diote.