Hainbat erakunde eta eragilerekin elkarlanean, Landan Ekin izeneko egitasmo berria sortu du Landaola Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak. Egitasmoaren helburua da landa ingurunearen dibertsifikazioan eta enplegu sorreran sakontzea eta lehen sektorea indartzea. Eta helburu lortzeko asmoarekin, lehen sektoreko eta elikadura balio kateko pertsona fisiko eta juridikoei, elkarteei edo eragileei zuzendutako Landan Ekin sariak ere sortu dituzte.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, landa eremuan ekintzailetza, elkarlana eta sorkuntza bultzatzeko dinamikak sortzea da Gipuzkoako lurralde historikoan garatzen diren eta garatuko diren proiektuei zuzendutako sariketa berriaren helburua. Zehaztu dutenez, proiektuok 2023 eta 2024 urteetan garatu edo amaituko direnak izan beharko dute nahitaez.
Sariak. Honako sei ataletan banatuta emango dira, eta bakoitzean 2.500 euro jasoko ditu irabazleak: Nekazaritza Jardueraren Garapena, Lehen Sektorearen Dibertsifikazioa, Emakume Ekintzaileari Saria, Gazte Ekintzaileari Saria, Belaunaldi Aldaketa Saria eta Berrikuntza Saria. Aurkezten diren proiektu guztien artean, gainera, lau aukeratuko dira Rural Talent ekintzaile saria eta 35 orduko formakuntza jasotzeko. “Bakoitzak 1.000 euroko saria eskuratuko du”.
Sariketara proiektuak aurkezteko azken eguna urriaren 11 da. Parte hartzeko interesa dutenek landaola@landaola.eus helbide elektronikora bidali beharko dituzte proiektuak, Landan Ekin Saria izenburupean. Ohartarazi dutenez, bi zatitan banatuta igorri beharko da mezua: batetik, datu pertsonalak erantsi beharko dira eta, bestetik, proiektuari edo egitasmoari buruzko informazioa. Nahiago dutenek, Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteetako egoitzetako batera ere bideratu dezakete guztia. Debabarreneko kasuan, Debemen Debabarreneko Landa Garapenerako elkartean (943 74 40 67) jasoko dute. Hona hemen proiektua aurkezteko eredua.