Azaroaren 4an euskalgintzak deitutako manifestazioa egingo da Bilbon, 17:00etan Euskaldunatik abiatuta. Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat lelopean egingo den mobilizazioa euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldiaren testuinguruan kokatzen da. “Izan ere, azkenaldian auzitegietatik areagotu egin dira euskararen sustapena eta normalizazioa helburu duten hainbat neurriren aurkako sententziak. Uliazpi, Laudio, Barakaldo, Irun, Uharte, Erandio, Berriozar, Atarrabia, Orkoien… Eta epe laburrean espero ditugun beste asko”, nabarmendu du Euskalgintzaren Kontseiluak.
“Argi dago ez direla sententzia isolatuak, baizik eta botere judizialetik hizkuntza-politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza-eskubideak murrizteko joera gorakorra: oldarraldi bat. Izan ere, sententzia guztiek elementu komun bat dute: gazteleraren nagusitasuna ezartzea herritarron hizkuntza-eskubideen gainetik, eta beraz, oinarrizko eskubideen kaltetan“. Horregatik, “oldarraldiaren aurrean, erantzun bateratua” ematera deitu dute.
Deialdiarekin bat egin dute Debako Udalak, Itziarko Auzo Udalak eta Zuhatza Euskara Elkarteak, eta Bilbora joateko autobusa antolatu dute egun horretarako. 55 lagunentzako autobus bakarra egongo da. Itziarko Kanala pareko geltokitik irtengo da (15:15ean) eta Debako estalitako pasealekuko geltokian jasoko ditu gero herritarrak (15:30ean). Bost euroan egin ahal izango da joan-etorria eta ordainketa autobusean bertan egin beharko da. Aurrez eman behar da izena (Debako turismo bulegoan, udaletxeko harreran, Itziarko harrera bulegoan edo labur.eus/debaitziareuskararekinbat estekan).