Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak, Kirol Zuzendaritzaren bitartez, emakumea eta kirola programaren baitan, Emakumeok Mugimenduan egitasmoa jarri zuen abian 2021ean. Azaldu dutenez, ekimen honen oinarrian EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko ikerlariek egindako azterketa bat dago, 18 eta 64 urte arteko emakumeen aisialdiko jarduera fisikoa eta kirol ohiturak neurtu zituena. “Emaitza esanguratsuak eskaini zituen azterketak: Gipuzkoako ia 4.000 emakumeri egindako galdeketaren arabera, 3 emakumetik 1 ez da aktiboa, astean 120 minutu baino gutxiagoz egiten baitu kirola. Gainera, inaktibotzat dute beren burua, eta hori sinesten dute”.
Errealitate horren aurrean, Gipuzkoako emakumeak ahalduntzeko ekimena jarri zuen martxan aldundiak: Emakumeok Mugimenduan. Emakume orok mugimenduarekin bat egitea du helburu, mugimendua adierarik zabalenean ulertuta, alegia, oinarritik eliteraino; eta aktibotasun hori bistaratzeko eta laguntzeko dinamikak, proiektuak eta ekimenak biltzen dituen programa garatu du.
Bada, egitasmo horren baitan, eguneroko jarraipena egiteko eta emakumeen aktibotasuna sustatzeko aplikazioa aurkeztu du aldundiak, Emakumeok Mugimenduan APPa. Eta aplikazio hori aurkezten dabil, hain zuzen, Txita ibiltaria. Azaroaren 2an Deban ibiliko da, eta hilaren 3an, berriz, Soraluzen. Bi dinamizatzailek lagunduta, goizez eta arratsaldez egongo da aplikazioaren nondik norakoak ezagutzeko aukera. Gainera, bi udalotako kirol sailen ekimenez, hainbat jarduera antolatuko dira.
Debako eskaintza
Udal kiroldegiko Fitness gelara doako sarbidea izango dute emakumeek azaroaren 2an (osteguna). Horrez gain, Iruleak, Debasket eta Amaikak Bat kirol taldeen eskutik, palan, saskibaloian eta futbolean aritzeko aukera izango dute egunean zehar, frontoian. Hauek izango dira gutxi gorabeherako ordutegiak:
● 10:30-12:30: Iruleak emakume pilotarien taldea.
● 17:00-19:00: Iruleak emakume pilotarien taldea, Debasket saskibaloi kluba eta Amaikak Bat kirol elkartea.
● Azkenik, 18:00etatik aurrera, Nordic Walking entrenamendu irekia egingo dute, udaletxetik abiatuta. Ordu-erdiko saioa izango da, hondartzaraino.
Bi helburu nagusi
Emakumeok Mugimenduan aplikazioa doakoa da, eta IOS zein Android sistema operatiboetan erabil daiteke. Bi helburu nagusi ditu: batetik, Gipuzkoako emakumeei egunerokoan egiten duten jarduera fisikoa erregistratzeko aukera eskaintzea, horren bidez, haien ohituretan eragiteko eta haiek motibatzeko; eta bestetik, mugimenduarekin bat egiten duten emakumeen sarea eratzea, ikerketaren bidez detektatu ziren mugak (hala nola bidelagun falta, denbora falta, estereotipoak edo beldurrak) gainditzen laguntzeko.