Klimaren eta energiaren krisiak gaur egun planteatzen dituen erronken aurrean, tokiko komunitate energetikoa sortzeko prozesua abian jartzea erabaki dute Debako Udalak eta Itziarko Auzo Udalak elkarlanean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, prozesuaren berri emateko hiru saio egingo dituzte egunotan. Gaur (azaroak 6), 19:00etan, Debako Kultur Elkartean izango da lehenengo saioa eta ostegunean (azaroak 9), 18:00etan, Itziarko Burugorri gainean izango da bigarrena. Lekua eta ordua zehazteke badaude ere, azaroaren 27an hirugarren saio bat izango dela aurreratu dute.
Udal iturriek azaldu dutenez, gaurko eta osteguneko saioetan prozesuari buruzko informazio zehatza emango diete herritarrei: besteak beste, erabiliko diren energia motak, energia iturri berriztagarrien sustapena, egungo energiarekiko harreman eta lotutako kostuak izango dituzte hizpide. Gaineratu dutenez, Deban eta Itziarren egon daitezkeen energia autohornikuntzarako aukerak ere eztabaidatuko dituzte. “Parte hartzaileei gure udalerrian energia hornidura jasangarriagoa eta eraginkorragoa bermatzeko dauden aukeren ikuspegi osoa emango zaie”.
Aurkeztear dauden egitasmoa “guztiz bat datorrela gure ingurunea eta gure bizimodua etorkizuneko belaunaldientzat zaintzeko” helburuarekin azpimarratu du Alazne Txurruka Debako alkateak.
Gaian gehiago sakondu, eta komunitate energetiko bat sortzearen abantailak irudikatzeko, gainera, azaroaren 27ko saioan, herritarrei sorturik edo sortze prozesuan dauden bi komunitate energetikoren esperientziak aurkeztuko dizkietela iragarri dute. “Adibide horiei esker, bertaratutakoek ulertuko dute ekimen horiek eragin positiboa izan dezaketela eguneroko bizitzan, eta etorkizun energetiko arduratsuagoa eraikitzen lagunduko dutela”.
Alazne Txurruka Debako alkateak azaldu du Debako Udalaren betebeharra dela “irtenbide jasangarriak eta bideragarriak” bilatzea. “Horregatik uste dut oso garrantzitsua dela erronka horiei modu eraginkorrean aurre egitea ahalbidetuko diguten energia aukerak bilatzea, eta Tokiko Energia Komunitatea sortzea urrats erabakigarria da norabide horretan. Energia berriztagarriko iturriak aprobetxatzeko eta erregai fosilekiko dugun mendekotasuna murrizteko aukera emateaz gain, gure subiranotasun energetikoa indartzeko aukera ere emango digu, eta horrek esan nahi du geure energia ekoizpena eta kontsumoa kontrolatzea”.
Zentzu horretan, iraunkortasuna “funtsezko balioa” dela azpimarratu du Txurrukak, eta aurkeztear dauden egitasmoa “guztiz bat datorrela gure ingurunea eta gure bizimodua etorkizuneko belaunaldientzat zaintzeko” helburuarekin. Baina hori guztia posible izan dadin, herritar guztiak informazio saioetan inplikatzea “ezinbestekoa” dela gogorarazi du alkateak. “Beharrezko informazio guztia eman nahi diegu, Tokiko Energia Komunitateak eskaintzen dituen onurak eta aukerak uler ditzaten. Hortaz, beren parte hartzea funtsezkoa da ekimen honek arrakasta izan dezan eta Debarentzat etorkizun iraunkorragoa eraikitzeko”.