GUTUNA

Deba-Reus Komisioaren gutuna: “Herri bazkariak egiteko tresneria eragileen eskura”

Berriketan 2023ko aza. 7a, 10:28

Hona hemen Deba-Reus Komisioko kideek Berriketan herri aldizkarirako idatzi duten gutuna.

Bi herrien arteko harreman sareak sortzeko ideiari tiraka, Deba-Reus topaketa antolatu genuen 2017an. Lehen topaketa hartan, herriko hainbat eragiletako kideak eta 100 bat lagun joan ginen Reusera. Haria ez zen eten eta, gerora, beste bi topaketa ere egin dira Deban.

Proiektuak aurrera egin ahala ohartu gara herriko eragileen zein herritarren parte-hartzea eta lan boluntarioa direla ekimenaren arrakastaren gakoak. Gauzak horrela, jaso dugun babesa eskertu nahi dugu, baita eragileen jarduna indartzeko eta kultur eskaintza aberasteko baliabideak eskaini ere.
Antolatutako ekimenen bidez lortutako baliabide ekonomikoei esker, 600 pertsonari jaten emateko paella-ontziak eta bestelako tresneria erosi ahal izan dugu, Itziarko Auzo Udalarekin eta Itziarko bestelako eragile batzuekin elkarlanean.

Gutun honen bidez, hortaz, aipatutako material hori guztia herri bazkariak edota kultur egitasmoak antolatu nahi dituzten Deba-Itziarko taldeen eskura dagoela jakinarazi nahi dizuegu. On egin!