Itziarren, esaterako, igandean (azaroak 19) eman zioten hasiera Itziarko Erasoen Aurkako Taldeak, Andutz Euskal Dantzari Taldeak, Itziarko Auzo Udalak, Burugorri Martxanek eta Goimekek elkarlanean antolatutako ekintza sortari. Gaur (azaroak 24) jarraituko dute ekintzek, genero indarkeria hizpide hartuta Burugorriko lehen solairuan 19:00etan hasiko den kafe tertuliarekin. Bertaratu nahi dutenek umeentzako zaintza zerbitzua izango dute aukeran; ludotekan emango dute zerbitzua.
Bihar (azaroak 25), aldiz, 10:00etan eskola txikian elkartu eta era kolektiboan horma irudi bat margotzeko asmoa agertu dute. “Mural pintaketa herri guztiari dago zuzenduta. Haur, gazte zein helduak ongi etorriak izango dira”. Ekintzan parte hartu nahi dutenei, bestalde, arropa zaharra eramateko gomendatu diete. Horma irudia margotu ondoren, iluntzeko manifestazioa girotuko duen batukada herrikoiaren entseguarekin hasiko dira. 18:00etan, azkenik, elkarretaratzea eta manifestazioa egingo dituzte, plazatik hasita.
Deban, bestalde, egunaren testuinguruan alderdi guztien oniritziarekin ondutako adierazpen instituzionala kaleratu du udalak eta, aldi berean, elkarretaratzea ere iragarri du; bihar (azaroak 25) 19:00etan Foruen Plazan egingo den mobilizaziora elkartzera deitu ditu herritarrak, indarkeria jasaten duten emakumeei elkartasuna eta konpromisoa adierazteko.
Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bueltan, gainera, gazteen artean indarkeria sexista prebenitu eta genero berdintasunerantz eraldatzen lagunduko duten hausnarketak eta eztabaidak sustatzeko helburu duen Beldur Barik tokiko lehiaketaren sari banaketa ere egingo da.
Abenduaren 1ean izango da ekitaldia, 19:30ean, Agirre jauregiko Ispiluen gelan. Lehiaketara aurkeztu diren lanak proiektatuko dituzte lehendabizi eta, ondoren, kategoria bakoitzeko irabazleak iragarriko dituzte. Sariak banatu ondoren, luntx batekin amaituko da ekitaldia.
[Irakurri HEMEN Debako Udalak kaleratutako adierazpena]