Aurkezpena Ane Elordi Korrikako arduradunak eta Maite Arroitajauregik berak egin zuten eta, kantarekin batera, bideoklipa ere aurkeztu zuten agerraldian.
Arroitajauregik azaldu zuen berak orain arte egindako lanen artean ezberdina iruditzen zaiola honakoa, gutxi izaten baitira enkarguz egindako lanak: “Horrek geure buruari muga batzuk jartzera eraman gintuen, baina horrelako kantuekin egon ohi diren inertzia edo ohiturak kolokan jartzera ere bai: Korrika egiteko ez dago modu bakar bat, ez dago kanta bakar bat; bideak baditu gorabeherak eta bihurguneak”. Era berean, nabarmendu zuen abestia “pertsona askok” egindako lanaren emaitza dela.
Kantuak 6-7 zati ezberdin ditu; kantuaren barruan hiru kanta ezberdin, eta minisinfonia moduko zerbait oharkabean. Kantu berritzailea denik ezin uka: “Atea zabaldu diegu accelerandoei, disonantziei, kaos modukoei, keinuei… Eta hainbat kantariren artean abestua egon arren, apenas inor ez nabarmentzeari, masa bat irudikatzeari”, zehaztu zuen Arroitajauregik.
Prozesu luzea izan den arren, gozatu egin dutela gaineratu zuen musikariak: “Letratik abiatu ginen kantu pop bat egiteko, eta behin hezurdura eta melodia nagusia argi samar genituela hasi ginen konponketak proposatzen eta jolasten, askotariko ideiak botatzen eta eztabaidatzen, ados egon garen arte %100ean”. Berrehunka pista zirriborratu eta milaka aldiz entzun eta gero, emaitza “pop-barroko kantu bat” izan da. Harrerari dagokionean, kontuan izan dute horrelako abesti bat publiko zabalari zuzenduta dagoela, eta berdin balio behar duela umeek abestu eta dantzatzeko, lagunarteko festarako, zein errepidean denok bat eginda oihukatzeko.
Bideoklipa ere bai
Ane Elordi Alburquerquek azaldu bezala, bideoa Amaia Badiola Elgezabalek egin du eta, batez ere, aurreko edizioetako artxiboko irudiz osatuta dago: “23 ediziok eta 43 urtek askotarako ematen dute; besteak beste, ikusteko zer nabarmenak diren Korrikan mota guztietako bilakaerak: gizartea, aldarrikapenak, estetika, komunikatzeko erak… baita gauza horiek guztiak jasotzeko teknikak ere”. Izan ere, denboraren aurrera-egite horrek euskararen erresistentzia ere irudikatzen du. Egileak dioenari jarraikiz, “bideoklipa batzuetan nostalgikoa da, beste batzuetan polita, eta ‘punkia’ ere izan daiteke”.