Eibarko Udalak jakinarazi duenez, hiru urtez martxan egon ondoren, aurtengoa izango da zerbitzu hori gaur dagoen kokagunean emango duten azken negua. “Akordioa urtero berritu da, baina hau izango da karmeldarrek instalazioak utziko dituzten azken negua. Beraz, Eibarrek ez du errekurtsoa bere gain hartuko datorren urtetik aurrera, herrian ez baitago leku egokirik horretarako”, azaldu du.
Eibar, Elgoibar, Mendaro, Deba, Mutriku eta Soraluzeko udalek Debabarreneko Gizarte Zerbitzuen eremua osatzen dute, Gizarte Zerbitzuen mapan. Hainbat hilabetez eraikin egokia aurkitzeko gestioak egin eta gero, 2021. urtean, Eibarko Udalak Debabarrena Eskualdeko Gizarte Zerbitzuen eskura jarri zuen Eibarko Karmengo elizaren eraikineko gune bat, bizitegi-egoera larrian (etxerik gabe) dauden pertsonak artatzeko neguko aterpea izan zedin. Karmeldarrekin adostu zuten akordioari esker lortu zuten elizaren eraikinean kokatutako gelak doan erabili ahal izatea.
Neguko aterpeak 14 lagunentzako lekua du eta erabiltzaileei ohe bat eskaintzen die, norberaren garbitasunerako zerbitzuaz gain. Gehienak plaza irekiak dira, Eusko Jaurlaritzak alerta meteorologikoak iragartzen dituenerako, baina aterpearen funtzionamendua aldatu egin da aurten, eta erabiltzaile bakoitzak bost egunetan erabili ahal izango du bi hilabeteko epean.
Bestalde, lau plaza egonaldi ertainekoak dira, eta gizarteratzeko prozesu sozioedukatibo bat egiten ari diren pertsonei bideratuta daude, beste baliabide mota bat eskuratzeko aukera izan dezaten.
Eibarren zerbitzu hau jasoko duen leku egokirik ez dutela adierazi duenez, eskualdeko gainerako herrien esku dago orain kokagune berri bat aukeratzea, zerbitzuak aurrera egingo badu.