Ama hizkuntzak osasungintzan duen garrantzia jakitun, arreta elebiduna bermatzeko proiektu berritzaile bat abiatu dute Debabarrena Erakunde Sanitario Integratuko Tokoginekologiako Zerbitzuan. Proiektuaren helburuetako bat erabiltzaileak “zaurgarri senti daitezkeen egoeretan estres linguistikoa ekiditen” laguntzea dela azpimarratu du Garbiñe Garai Debabarreneko ESIko euskara teknikariak. Adierazi duenez, “naturaltasunez” eman nahi izan dute hizkuntza aukeraren hurrengo urratsa, alegia, zerbitzua euskaraz ematea. “Bide horretan, funtsezkoa da aukera ematea”.
Jakitera eman duenez, urteak daramatzate hizkuntzaren aldagaiari erreparatzen, baina, orain, haratago joan nahi izan dute ginekologiako arreta euskaraz emanda. Euskara teknikariak nabarmendu duenez, “zerbitzu oso batean eragitea” izan da xedea. “Osakidetzako zerbitzuak askotarikoak dira, eta bakoitzean unitate bat baino gehiago daude, baina esperientzia polita izaten ari da lanketa”.
Lanketa egiteaz arduratu den tokoginekologiako taldeak urtebete baino gehiago eman du arreta osoa euskaraz emateko hobekuntza arloak aztertzen. Erabiltzaile batek esandakoa omen da guztiaren ardatza; hain zuzen ere, erabiltzaile horrek esandako “gaztelaniaz, erdi pertsona naiz” esaldia izan zen proiektuaren hazia. “2021ean eratu zen lantaldea ginekologo batekin, bi emaginekin, tokotraumako solairuko langileekin eta euskara zein kalitate arloko kideekin batera”.
Lantaldea eratu ondoren, beharren diagnosia egiten hasi ziren 2022. urtean. Prozesu horretan, erabiltzaile euskaldunei hobetu beharreko alderdiak zeintzuk izan behar ziren galdetu zieten eta, aldi berean, zerbitzua ematen duten unitate ezberdinetako langileekin ere hausnarketa saioak egin zituzten. Hori guztia egin ondoren adostu eta abiarazi dute orain arteko ibilbidean “mugarri” izango den ekintza plana.
Honakoak dira ekintza planean proposatu dituzten bost ekintza giltzarriak: erabiltzaileen hizkuntza aukera erregistratzea eta bistaratzea; erabiltzaile euskaldunei kontsultak eta probak ginekologo elebidunekin emateko agendak antolatzea; hizkuntza erabilera irizpideen jarraipena unitateen kudeaketan integratzea; langileen formakuntza eta motibazioa; eta, azkenik, langileei eta erabiltzaileei neurri guztien berri komunikatzea. Aurrera begirako zenbait proposamena ere zerrendatu dituzte.
Tokoginekologia arloan izango duten esperientzian ikasitakoak beste zerbitzuetara hedatzea da aurrera begirako asmoa
Egindako guztia azaltzeko eta ezagutzera emateko asmoarekin, erabiltzaileei eskaintza aktiboaren berri zuzenean emango dien informazio orria ere prestatu dute; lehen mailako emaginak abenduaren 1ean hasi ziren esku-orri horiek kontsultan banatzen. Bertan azaltzen denez, Osakidetzarekin lehentasunezko komunikazio hizkuntza bezala euskara aukeratu eta erregistratu duten erabiltzaileak e ikurrarekin identifikatuak izango dira. Ikur hori aplikazio informatikoetan, haurdunaldi kartillan agertuko dela zehaztu dute. Ospitaleratuak izango direnen kasuan, gainera, ikur hori oheburuetan ere agertuko da.
Euskaraz aritzeko neurri horiek zerbitzua emango duten profesionalei ere eragingo dietela iragarri dute. Besteak beste, e ikurrarekin identifikatuta agertzen diren profesionalekin euskaraz hitz egiteko aukera egongo da eta emagin eta ginekologo euskaldunekin eskatu ahal izango dira hitzorduak. Horrez gain, dokumentazioa ere euskaraz emango dute eta erditze-ikastaroak ere hizkuntza horretan eskainiko dira.
Debabarrena ESIko arduradunen esanetan, eta osasun arreta norbere hizkuntzan jasotzea “gakoa” dela ikusita, tokoginekologia arloan izango duten esperientzian ikasitakoak beste zerbitzuetara hedatzea da aurrera begirako asmoa; hau da, arreta hori eskualdeko osasun etxeetatik hasi eta Mendaroko Ospitalera hedatzea izango da hurrengo pausoa. “Gure unitatean gure kontura hasi ginen ohitura horiek hartzen, eta poliki-poliki zabalduko da kirurgiara, osasungintza orokorrera… Entzun dadila Osakidetzan ospitale txiki honetatik zerbait sortu dugula guztientzat”. Aurreratu dutenez, horretarako urratsak ematen ari dira.