Debako Bizikidetza Batzordearen ekimenez egindako ekitaldiaren helburua indarkeria politikoaren biktimak aitortzea eta omentzea izan zen, bereziki ETAk Deban eta Getarian erail zituenak. Zehazki, Carlos Arguimberri Elorriaga, Manuel Albizu Idiakez eta Benito Arroyo Gutierrez izan zituzten gogoan.
Era berean, Debako Bizikidetza Batzordeak azaldu zuen eskaera egingo diola Eusko Jaurlaritzaren Motibazio Politikoko Garaiko Giza Eskubideen Urraketen Balorazio Batzordeari, oraindik argitu gabe dagoen Josu Zabala Salegiren heriotza aztertzeko eskatzeko.
50 urte
Aurten 50 urte bete dira ETAk Carlos Arguimberri Elorriaga hil zuela eta, hori dela eta, aipamen berezia egin nahi izan zioten. Alazne Txurruka Debako alkateak gogora ekarri zuenez, uztailaren 5ean hil zuten, 43 urte zituela. "Itziartik hiru kilometrora, Deba eta Itziar lotzen dituen lineako autobusa geldiarazi eta tiroz hil zuten bere arrebaren eta anaiaren aurrean, baita hainbat bidaiariren aurrean ere".
Txurrukak gaineratu zuenez, Deba-Itziar autobus linearen jabea eta gidaria zen eta politikagintzan ere aritu zen. "Debako auzo alkatea eta zinegotzia ere bazen", zehaztu zuen.
Ahanztura instituzionala ere onartu zuen Debako Udalak. "Debako Udalak argi adierazi nahi du ez zuela inoiz gertatu behar. Urte askotan Udala isilik egon da edo ez behar lukeen bezain presente. Erakunde bezala ahanztura instituzionala izan dugu eta jabetzen gara honek sor dezakeen minaz. Horrek, gainera, eragin du neurri handi batean biktimei zor diegun eskubideak ez bermatu izana. Hau da, biktima guztiei dagokie egia, justizia eta erreparazioa jasotzea eta ez errepikatzeko bermeak abian jartzea. Ez gara fin ibili eta horretaz jabetzen gara. Horregatik, zor moral hori kitatu nahi genuke Carlos Arguimberri Elorriagaren familiarekin".
Eta erakunde bezala "enpatia" agertu zieten senideei. "Carlosi bizia kendu zioten, baina jabetzen gara familiak ere sufrimendu handia izan duela urte hauetan guztietan. Gaurko ekitaldian familiarengana hurbildu nahi gatzaizkizue, zintzotasunez, eta gure enpatia ere agertu nahi dizuegu".
Ekitaldiarekin amaitzeko, Carlota Arguimberri eta Aritz Gonzalez de Chavarri senideek hartu zuten hitza, Carlosekin bizitako pasarte batzuk gogorarazi eta hura nola oroitzen duten azaltzeko.