Azken urteotan antolatutako emanaldiek izandako harrera beroa ikusita, herriko musikariek kontzertua emango dute aurten ere, laugarren urtez jarraian, Euskeraz Bagera programazioaren baitan. Gaur (abenduak 12) izango da saioa, Kultur Elkartean (20:00etan), eta sarrera doakoa izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, saioa ikusteko ez da sarrerarik edo gonbidapenik beharko; nolanahi ere, aretoaren edukiera murritza kontuan hartuta, lekua hartzera garaiz joateko deia egin diete herritarrei.
Hamarretik gora lagunek osatzen dute agertokian ariko diren musikarien zerrenda: Amaia Arozena, Nahia Eguskizaga, Goizane Aizpurua, Ane Arrizabalaga, Maialen Rosa, Hector Aldalur, Diego Saa, Borja Malabe, Iñaki Lejardi, Julen Salgado, Iñaki Saenz eta Miren Artetxe.
Taldean ariko dira aurtengoan eta emanaldi laburrak egingo dituzte, estilo ezberdineko bospasei abesti interpretatuz. Norberak sortutako kantak eta bertsioak izango dira entzungai euskara hutsean egingo den kontzertu herrikoian. Orotara ordubete inguruko saioa izango dela azaldu dute antolatzaileek.
Euskeraz Bagerak bihar izango du jarraipena, Blitz umorezko bakarrizketen saioarekin. Halaber, igandean, abenduaren 14an, umeentzako ipuin kontaketa saioa izango da 17:30ean Agirre jauregiko Ispiluen gelan.