Jaurlaritzak 1,06 milioi euroko zuzeneko dirulaguntzarekin bultzatuko du Zubeltzu zinemaren erosketa

Berriketan 2025eko abenduaren 4a

Maria Ubarretxena Gobernantza sailburua eta Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian. Arg.: Irekia - Eusko Jaurlaritza

Herenegun, abenduaren 2an, Gobernu Kontseiluak 1.062.000 euroko zuzeneko dirulaguntza onartu zuen Debako Udalari emateko, "Zubeltzu zinema zaharra erosi eta Debako eta Debabarreneko herritarren zerbitzura egongo den arte eszenikoen gune berri bihurtzeko".

Asteartean Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak argi berdea eman zion Debako Udalari 1.062.000 euroko zuzeneko dirulaguntza emateari, Zubeltzu zinema zaharra eros dezan, "Debako eta Debabarrena osoko herritarren zerbitzura dagoen arte eszenikoen espazio berri bihurtzeko".

Jarduketa Berpiztu 2025-2028 programaren barruan kokatzen da, Lehentasunezko Jarduketa Eremuen (LJE-ZAP) suspertze ekonomiko eta sozialera bideratuta. Eta testuinguru horretan, "ekipamendu kulturala bizitza komunitarioa dinamizatzeko, kultura-nortasuna indartzeko eta eskualdean aukera berriak sortzeko palanka gisa" planteatzen dutela adierazi dute.

Gobernu Kontseiluak nabarmendu bezala, "proiektuak eraikin enblematiko bat berreskuratzea ahalbidetuko du, eta 400 lagun inguruko edukiera duen auditorium eta zinema-areto bihurtzeko egokituko dute. Horrez gain, erakusketa-guneak eta bestelako erabilera kulturalak ere txertatuko dira. Honi esker, herritarren eskariari erantzungo zaio eta gaur egun Debak ez duen azpiegitura garatuko da".

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak proiektuaren interes publiko, sozial eta kulturala azpimarratu du, baita arteetara sarbidea zabaldu, sormena bultzatu, jarduera hezitzaileak sustatu eta komunitatearen kohesioa indartzen duten topaguneak sortzeko duen gaitasuna ere. Ildo horretan gogorarazi dute ekimen honen bidez Jaurlaritzak aurrera jarraitzen duela "lurralde osoan garapen jasangarria eta bizi-kalitatea sustatzen dituen kultura-eredu moderno, eskuragarri eta egituratzailea sendotzeko bidean".