Zubeltzu zinemaren erosketa onartu du Debako Udalak

Berriketan 2025ko urr. 31a, 14:55

Atzo (urriak 30) egindako osoko bilkuran eman zioten onarpena eraikinaren erosketari, EAJ-PNVren eta Orain Debaren aldeko botoekin eta alkatearen kalitatezko botoarekin. EH Bilduk kontra bozkatu zuen. 40 bat herritar bertaratu ziren bilkurara.

Bideoaren atalak

> Gai ordenaren moldaketa (7:22 min)
> 2025. urteko bigarren kreditu aldaketaren onarpena (12:40 min)
> Zubeltzu zinemaren erosketaren onarpena (33:42 min)
> Eskariak eta galderak (33:20 min)

 

Debako udal gobernuak urriaren 9an iragarri zuen Zubeltzu zinema erosteko asmoa eta atzo (urriak 30) arratsaldean egindako osoko bilkuran berretsi zuen. Udal gobernuko bi alderdien (EAJ-PNV eta Orain Deba) aldeko botoekin eta oposizioaren (EH Bildu) kontrako botoekin onartu zuten erosketa; erabakigarria izan zen Alazne Txurruka alkate jeltzalearen kalitatezko botoa.

Urriko osoko bilkurarekin hasi aurretik, gai ordenean aurreikusita ez zegoen puntu bat urgentziaz sartzea adostu zuten: 2025eko bigarren kreditu aldaketa; Zubelzu zinemaren erosketarako kreditu aldaketa, hain zuzen. Gobernu taldearen aldeko botoekin onartu zuten hori ere.

Alazne Txurruka alkateak nabarmendu zuenez, proiektuak ez die interes politiko eta alderdikoiei erantzuten, herriak eta herritarrek eskatu duten behar historiko bati baizik

Udal gobernuak nabarmendu du zinema erosteko beharrezkoak diren baliabideak ziurtatzea lortu duela eta, inbertsio horri esker, Zubeltzu kultur ekipamendu garrantzitsu bihurtuko dela debar guztien gozamenerako. Gogorarazitakoaren arabera, eraikinaren erosketak 1.100.000 euroko inbertsioa dakar, eta horietatik % 3,5a (38.000 euro) Udalak hartuko du bere gain. Gainerakoa ZAP funtsek estaliko dute, hau da, 1.062.000 euro. "Hasiera batean, ZAP funtsek Debarako dirulaguntzarik aurreikusten ez zuten arren, laguntza lerro hori udal gobernuak egindako lanari esker lortu du Debak", adierazi dute.

Alkateak nabarmendu zuenez, proiektuak ez die interes politiko eta alderdikoiei erantzuten, herriak eta herritarrek eskatu duten behar historiko bati baizik. "Zubeltzu erreferente kulturala izango da Debarentzat, debar guztientzako gunea, non jarduera artistiko, kultural eta komunitarioak egin ahal izango diren", adierazi zuen.

Tentsio nabarmena

Azken asteotan plazaratutako iritzien ildotik, Zubeltzuren erosketari zegokion gai zerrendako puntuak eztabaida sortu zuen atzo ere EH Bilduren eta gobernu taldearen artean, eta tentsio nabarmena izan zen bilkuran. Udal ordezkariak ez ezik, 40 bat herritar ere bertaratu ziren udaletxera.

Zubeltzu zinema erosteko udal gobernuak egin eta eskatutako dokumentu, memoria zein txosten teknikoen azterketa xehatua eta laburpena egin zuen Gilen Garcia EH Bilduren bozeramaileak, gobernu taldearen egiteko modua gaitzetsi eta prozeduraren aurka agertuz; ez, ordea, erosketaren aurka. 

"Gu debarron beharrak aseko dituen kultur azpiegitura garatzearen aldekoak gara, gabezi hori nabarmena baita aspaldidanik. Zentzu horretan begi onez ikusten dugu alkateak eta udal gobernuak ekimenerako jarrera izatea eta albiste onak eman nahi izatea ere bai. Hala ere, udalaren ekimenaz ari garen heinean, gardentasuna bermatzea, parte-hartzea sustatzea eta dagokion prozedura administratiboa jarraitzea ezinbestekoa da. Gainera, kultur azpiegituraren proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa bermatu behar dira, udal teknikarien iritziak kontuan izanik. Hau guztia esanda, aurretik aipatutako baldintzak bete ez direla uste dugu".

Gobernu taldearen egiteko modua gaitzetsi eta prozeduraren aurka agertu zen Gilen Garcia EH Bilduren bozeramailea; ez, ordea, erosketaren aurka

Arrazoi horiengatik guztiengatik Debako kultur eragileen eskariarekin bat egiten dutela (Zubeltzu zinemaren erosketa prozedura atzeratzea eta gai horren lanketarako lantalde bat edo batzorde bat osatzea) azpimarratu zuen EH Bilduren bozeramaileak. Horrekin batera, nabarmendu zuen ez daudela Zubeltzu zinema erostearen aurka, "prozedurak ondo betetzearen, gardentasunez eta elkarlanean aritzearen alde baizik".

Eskarien eta galderen puntua

Udalbatzak Zubeltzu zinemaren erosketa onartu ostean, eskarien eta galderen puntuan gai honen bueltako hainbat iritzi partekatu zituzten EAJ-PNVko eta EH Bilduko ordezkariek.

"Ez gaude erosketaren kontra, gauzak ondo egitearen alde baizik", berretsi zuen Garciak. "Proposatu dugun gauza bakarra izan da prozedura ondo betetzea, erabaki hau gaur ez hartzea. Hori bakarrik".

Alkateak erantzuna eman zion Garciari, azken asteotan herriko sektore batzuetatik eta oposiziotik bertatik sortutako eztabaida eta desinformazioa aipatuz. "Pena handiz hartzen dut Debarentzat hain onuragarria den proiektu bat, debarrek hain beharrezkoa eta espero duten proiektu bat, informazio oker eta manipulatuarekin desitxuratzen saiatu izana, zertarako eta bizilagunak nahasteko baino ez", adierazi zuen Txurrukak. "Zubelzu zinema erostea, zalantzarik gabe, albiste bikaina da udalerriarentzat, eta ez dago atzera bueltarik".