EFEMERIDEA

Burgosko Prozesuaren epaiketa hasi zela 55 urte betetzen dira gaur

Berriketan 2025eko abenduaren 3a

1970. urteko abenduaren 3tik 9ra bitartean egin zen Burgosko Prozesua. ETAko 16 kide prozesatu zituzten, gerra kontseilu batean, ustez Meliton Manzanasen hilketan parte hartzeagatik. Akusatuen artean Itziar Aizpurua debarra eta bere senar Jokin Gorostidi zeuden. Epaiketak aurrekaririk gabeko oihartzuna izan zuen Euskal Herrian, baita nazioartean ere. Epaitutako herritarren testigantzak jasotzen ditu El proceso de Burgos filmetik ateratako bideo honek.

Mobilizazio handiak egin ziren epaituen absoluzioa eskatzen Euskal Herrian zein nazioartean eta mobilizazio haiek pisu handia izan zuten hurrengo hilabete eta urteetako gertakarietan. Abenduaren 4an, Francoren Ministroen Kontseiluak salbuespen egoera ezarri zuen Gipuzkoan; Poliziak 200 lagun inguru atxilotu zituen astebetean eta hiru pertsona hil zituzten protestetan.

Sententzia abenduaren 28an kaleratu zuten, fiskaltzak eskatutakoak baino zigor handiagoak ezarriz: bederatzi heriotza-zigor, 519 urteko espetxealdia eta absoluzio bat guztira. Gorostidik 30 urteko espetxe zigorra eta bi heriotza-zigor jaso zituen eta Aizpuruak, aldiz, 15 urteko espetxe zigorra.

Gertaera historikoaren testigantza zuzena jaso nahiak eraman zuen Berriketan Aizpuruarengana 2021eko otsailean. Aldizkariaren 259. alea HEMEN irakurgai.