Etxeko trapu eta arropa zaharrak soinean jantzita, Arimen Gaua ospatu zuten ostiralean (urriak 31) Deban. Auzolanean bigarren urtez antolatutako ekimenak ehunka herritar bildu zituen ospakizun nagusian.
Iluntze partean, jendetza batu zen aurten kiosko paretik abiatu zen Arimen Ibilbidera. Handik Amillagako hilerri parera joan ziren eta, bertan, Santa Katalinako arima galduak batu zitzaizkien kalejirara. Debatukadaren eta Kalez Kale txistularien laguntzarekin osatu zuten ibilbidea eta tartean Kulunkaren eta Gure Kai dantza taldekoen saioak ere izan ziren.
Santa Katalinako arima galduei agur esanez amaitu zuten ospakizuna. Plaza Zaharrean batu zirenek beldurrak uxatu eta sutan erre zituzten eta, ondoren, datorren urtera arte agurtu zituzten Santa Katalinako arima galduak. Ekitaldia irrintziekin eta Kalean Kantuzen kantuekin borobildu zuten.