Iñaki Elosua Debako alkate ohia eta Zuhatza elkarteko kidea zendu da

Berriketan 2025ko ira. 29a, 10:41

Iñaki Elosua Elu larunbatean (irailak 27) zendu zen, 90 urterekin, eta azken agurra emateko hileta elizkizuna gaur izango da, 19:00etan. Arrasto sakona utzi du herrigintzan eta euskalgintzan; horren erakusgarri izan ziren Euskal Jaiko herri bazkarian haren omenez esandako hitzak, kantatutako bertsoak eta ehunka lagunek eskainitako txalo zaparrada beroa.

Iñaki Elosua Elu 1935eko uztailaren 9an jaio zen, Artzabalgo baserri batean, eta bertan bizi izan da duela urte gutxira arte. Debako San Viator eskolan ibili zen 14 urtera arte eta eskolaldia bukatutakoan baserrian lanean aritu zen urte askoan. Gerora, bulego batean hasi zen lanean eta beste bost urte Vegasa lantegian egin zituen. Soraluzeko lantegi bateko biltegian ere lan egin zuen 12 urtez.

Debako alkate izan zen 1983tik 1987ra arteko agintaldian, EAJ alderdiarekin. Eta, politikaz harago, bere lan nekaezina eredugarria izan da euskalgintzan.

1997an eratutako Zuhatza Euskara Elkartearen sortzaileetako bat izan zen; 2020ra arte aritu da elkartean, zuzendaritzan, diruzaintzan eta beste hainbat zereginetan. Euskararen aldeko jardunean beti: Euskal Jaia sustatzen, Olentzero eta Mari Domingiren jaialdia nahiz haurrentzako ekitaldiak bultzatzen, Berriketan aldizkariaren banaketa taldean laguntzen... "Eskuzabala, zintzoa, langilea, gertukoa eta goxoa izan da beti. Zalantzarik gabe, Iñakik hutsune handia laga digu benetan", nabarmendu du Izaro Aulestiarte elkarteko kideak.

Zuhatzan ez ezik, Elosuaren heriotzak dolumin mezu eta atsekabe sentimendu ugari eragin ditu ezagun zutenen artean ere. Herritarrek larunbat goizean izan zuten haren heriotzaren berri, Elosuak hainbeste maite zuen Euskal Jaiaren ospakizunaren baitan, hain zuzen. Eta Aldats pilotalekuan 500dik gora lagunek egin zuten herri bazkarian omenaldi xumea egin zioten. Joseba Escuderok hartu zuen hitza, uztaileko Berriketan aldizkaria eskuan zuela; ale horretan ikusi zuen argia, hain justu, Elosuak idatzitako azken kolaborazioak (HEMEN irakurgai). "Testu horretan Iñakik aipamena eta goraipamena egin nahi izan zion Zuhatza Euskara Elkarteari. Eta haren hitzak gogoan hartuta, Zuhatza elkarteak berak Iñakiri egin nahi dio oraingoan aipamen eta goraipamen", nabarmendu zuen Escuderok. Eulogio Gisasola Lutxurdixo panderojoleak eskainitako bertsoarekin eta ondorengo txalo zaparrada beroarekin agurtu nahi izan zuten, hunkituta, Elosua. 

Gaur (irailak 29) emango diote azken agurra, Debako Jasokunde Amaren eliz nagusian 19:00etan egingo den elizkizunean. Hilbeila, berriz, Debako hilerri berrian izango da: 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:30era.