Debako Kooperazio Taldeak jakinarazi du elkartasun azoka egingo duela asteburuan. Irailaren 6an eta 7an zabalduko dute, 11:00etatik 14:30era bitartean.
Azaldu dutenez, azokara bertaratzen direnek Deban egindako artisau-lanak eta kanpotik ekarritako eskulanak erosteko aukera izango dute eta, besteak beste, zenbait kosmetika produktu ere izango dira salgai. "Horrez gain, hainbat herrialdetako bidezko merkataritzako kooperatibetatik inportatutako kafea, arroza, rona, galletak, txokolateak... ere izango dira aukeran", gaineratu dute Kooperazio Taldeko kideek.
Salmentetatik lortutako irabazien zati bat Ukrainara bideratuko dutela iragarri dute. "Txernobylgo zentral nuklearraren hondamendiak kaltetutako eremuan dagoen Orane herriko eskolarekin proiektu bat dugu abian, eta laguntza behar dutela esan digute. Bideratzen dugun laguntzari esker, ikasleek elikagai batzuk jasotzen dituzte".
Esker onez
"Azoka antolatzen dugun bakoitzean hurbiltzen diren herritarren eskuzabaltasuna eskertu nahiko genuke", nabarmendu dute taldekideek. "Azken azoka ekainaren amaieran antolatu genuen eta, egia esan, salmenta onak izan genituen. Debako herritarren jarrera oso ona izaten da, oso solidarioak dira", gaineratu dute.
Kooperazio taldeko kideek jakinarazi dutenez, lanean jarraituko dute hurrengo hilabeteetan ere. "Elkartasun mantak egiten jarraitzen dugu, adibidez, eta laster ekingo diogu hurrengo azoka prestatzeari. Gainera, Eguberrietako elkartasun denda irekitzeko asmoa daukagu aurten ere; beraz, gauzak lotzen hasi beharko gara".