Agintaldi erdian gauden honetan, zelan baloratzen duzu orain arteko ibilbidea? Zer irakurketa egiten duzu?
Balorazioa guztiz positiboa da: herritarrekiko konpromiso argia dugu eta ez diogu egun bakar batez ere lan egiteari utzi hori betetzeko.
Gure Gobernu Planeko 44 ekintzetatik 40 abian edo amaituta daude. Pertsonak erdigunean jarri ditugu eta arduraz lan egin dugu Deba udalerri atseginagoa, inklusiboagoa eta etorkizunera begira dagoena izan dadin.
Zer izan da zailena?
Zailena, zalantzarik gabe, hainbat lan-geruza aldi berean kudeatzea izan da. Alde batetik, azken legealdian alor ugari gelditu ziren geldirik edo aurrerapen errealik gabe eta horiek hutsetik abiatzea tokatu zaigu, lehentasunak zehaztea, planifikatzea eta gauzatzea. Eta, bestetik, hori guztia bat etorri da premiazko erantzunak eskatu dituzten ustekabeko erronkekin.
Beste erronketako bat herritarren behar eta itxaropen desberdinak kudeatzea izan da. Gobernatzeak erabaki konplexuak hartzea eskatzen du, eta erabaki horiek ez dira beti guztien gustukoak, baina beti saiatu gara debarrak entzuten eta erantzukizunez jokatzen.
“Badakigu asko dagoela egiteko eta konpromiso berarekin jarraituko dugu lanean”
Eta zer aberasgarriena?
Niretzat, bidaia honetako onena debarrekin partekatzea da. Elkarrekin lan eginez, Debarako benetako hobekuntzak nola lortzen ditugun ikustea eta partekatzea.
Kasu honetan udal gobernu taldearen, teknikarien eta herriko eragile askoren konpromisoa ere azpimarratu nahi dut, ahalegin, gogo eta ilusio guztia jartzen baitute Deba aurrera ateratzeko.
2023-2027 agintaldirako osatu zenuten Gobernu Planean jasotako 44 ekintzetatik 40 abian edo amaituta daudela azpimarratu duzue. Pozik zentzu horretan?
Noski, pozik gaude, baina ez gara horrekin konformatzen; horregatik, egunez egun lanean jarraitzen dugu Gobernu Plana guztiz bete arte, eta, are gehiago, baita bertan jasota ez dauden proiektu berriak aurrera ateratzeko ere. Badakigu asko dagoela egiteko eta konpromiso berarekin jarraituko dugu lanean.
Garatutako proiektu estrategikoen artean zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Zaintza Ekosistema proiektu garrantzitsuenetako eta eraldatzaileenetako bat da. Bi urte daramatzagu zaintza eredu partekatua bultzatzen, zaintza erantzukizun kolektiboa izan dadin. Europako Next Generation funtsak jasotzen dituzten proiektuak ere nabarmentzen ditut, hala nola pasealeku estalia edo Gudarien Plaza eraldatzea, argiteria publikoa berritzea edo turismoaren digitalizazioa. Eta, jakina, aurrerapen garrantzitsuak egin ditugu mugikortasunean (Irisgarritasun Plana edo autobus-zerbitzu berriak, esaterako) eta etxebizitzan ere, Amillagaren garapenarekin. Osio garatzeko lanean ere ari gara.
Agintaldia bukatzeko falta diren bi urteetan, zeri emango diozue lehentasuna? Zeintzuk izango dira hurrengo urratsak?
Martxan dauden proiektuak sendotu eta hurrengo urratsetan zorrotz lan egin nahi dugu: HAPO berria, kultur ekipamendu berri baten inguruko lanketa, udal ordenantzen berrikuspena edo udalerriaren azterketa sozioekonomikoa. Hori guztia pertsonen eguneroko arreta alde batera utzi gabe.
“Batzuetan iritzi desberdinak daude, eta hori normala da, baina horrek ez du esan nahi lankidetza falta dagoenik”
Itxuraz behintzat, orain artean oposizioarekin ika-mikarik handienak eragin dituzten gaiak garraio publikoa eta etxebizitza izan dira. Hori islatu dute hedabideetan kaleratutako akusazio edota irakurketa politikoek...
Normala da eztabaida politikoa egotea, eta ez zait gaizki iruditzen. Baina zintzoak izan behar dugula uste dut. Garraio publikoari dagokionez, 2026ko hasierarako trenen maiztasuna 30 minuturokoa izango den konpromisoa lortua dugu Eusko Trenbide Saretik.
Autobus zerbitzuak hobetzeko hainbat aldaketa eskatu eta egikaritu dira, herritarren beharrei erantzun nahian. Eta hobetzeko proposamen gehiago ere egin ditugu.
Etxebizitzari dagokionez, gobernu honentzat lehentasunezkoa den Etxebizitza Plana garatzen ari gara, eta, gainera, modu parte-hartzailean lan egin da. Badakigu erronka konplexua dela eta ez dela bi egunetan konpontzen, baina erabaki zehatzak hartzen ari gara aurrera egiteko. Udalerria tentsio gune izendatzeko pausoak ere emango ditugu.
Azken Debaberri aldizkarian, EH Bilduk udal gobernuaren “elkarlanerako ezintasuna” salatu du, bai koalizioarekiko, bai herriko eragile ezberdinekiko, bai informazioa partekatzeko orduan… Zer deritzozue?
Ez gatoz bat baieztapen horrekin. Lankidetza ez da eslogan bat bakarrik: guretzat politika egiteko modu bat da. Lanerako espazioak, azalpenak eta bilerak partekatu ditugu. Batzuetan iritzi desberdinak daude, eta hori normala da, baina horrek ez du esan nahi lankidetza falta dagoenik.
Agintaldia amaitutakoan zer nolako herria ikusi nahi zenuke?
Herri kohesionatuagoa, inklusiboagoa eta aukera gehiago dituena eraiki nahi dugu. Herritarrak zaintzen dakien udalerria, pertsonak erdigunean jartzen dituena eta etorkizunari anbizioz begiratzen diona, baina baita erantzukizunez ere. Hori da egunero mugitzen gaituen helburua.