AGINTALDI ERDIA

Gilen Garcia: "Egiteko modu partekatuagoa eskatzen diogu udal gobernuari"

Berriketan 2025ko abu. 6a, 08:01

Indar bozkatuena izan bazen ere, alkatetza galdu eta bi urteotan oposizioan egotea tokatu zaio EH Bilduri. Koalizioak egin duen lanaren balorazio positiboa egin du Gilen Garciak, baina aitortu du "sentsazio gazi-gozoa" ere badutela. Elkarlanerako deia egin dio udal gobernuari.

Nola definituko zenuke agintaldi erdi hau? Zer balorazio egiten duzu?
Gure taldeak bi urte hauetan egindako ibilbideaz balorazio positiboa egiten du, baita nik ere. Sentsazio gazi-gozoa ere badugu, ordea. Herritarrek EH Bildu lehen indarra izatea erabaki zuten hauteskundeetan, baina hori ez zen nahikoa izan gobernua osatzeko. Posizio berrira egokitzea tokatu zitzaigun orduan eta esan beharra dago ez dela posizio erraza izan. Udal gobernu berriak gugandik distantzia markatu nahi izan zuen hasieratik, egiteko moduetan sumatu dugu batez ere. Aurreko agintaldian gainditutako hainbat egiteko modutara bueltatu gara, zoritxarrez. Elkarlana eta ikuspegi partekatuak ezinbestekoak izango dira udalerri hau denon artean aurrera ateratzeko eta gure ekarpena hor egingo dugu.

"Elkarlanerako ezinbestekoa da elkarrekiko aitortza eta besteak iritzia emateko espazioa bermatzea"

Debaberrin ere udal gobernuaren egiteko modua kritikatu duzue, hain justu, "elkarlanerako ezintasuna nabarmena" izan dela aipatuz.
Uste dugu begi bistakoa izan dela alor ezberdinetan. Agintaldi hasieratik gabeziak identifikatu genituen informazioa partekatzeko orduan eta erabakiak hartu eta komunikatzeko moduan. Elkarlanerako ezinbestekoa da elkarrekiko aitortza eta besteak iritzia emateko espazioa bermatzea; kasu honetan, udal gobernuari dagokio gidaritza lan hori, baina deserosoa zaiela dirudi, eta espazio horien alde borrokatu behar izaten dugu. 

Zer egin behar luke gobernuak lehentasunez? Zer eskatuko zeniokete?
Gure udalerriak hainbat erronka potolo ditu, gobernuan dagoen alderdia edozein dela ere, eta hori nahiko argi geratu zen aurreko agintaldian. Beraz, egiteko modu partekatuagoa eskatzen diogu lehenik eta behin. 

Horrez gain, tentsio eremu izendapena gauzatzea, etxebizitza plana onartzea eta HAPO berria lantzen hastea dira lehentasunak. 

Kulturgunearen eta ludotekaren gaiak ere jorratu nahi ditugu eta horretarako tartea eskaini beharko luke udal gobernuak.

Zeintzuk dira EH Bilduren ildo nagusiak orain? Eta non jarri nahi du indarra datozen urteotan?
Etxebizitza politika da EH Bilduren ildo nagusietako bat, baina udal mailan ditugun eskumenek beste maila bateko politiken eskutik joan beharko lukete. 

Mugikortasunean, gure udalerriaren gabeziak gainditzeko eragiten jarraituko dugu. Eta zaintzaren alorrean abiatutako prozesuan ere aktiboki parte hartzeaz gain, gure ekarpenak egin ditugu eta horiekin aurrera egitea espero dugu. 

Ezinbestekoa iruditzen zaigu udalerri ikuspegian sakontzea eta benetako elkarlan dinamika sortzea, hau da, Deba, Itziar eta landa eremuko herritar guztiak barne bilduko dituen elkarlan estrategia bat izatea.

2019tik 2023ra alkate izanda, nola ikusten dira gauzak oposiziotik?
Gauzak ezberdin ikusten dira posizio honetatik. Alkate zarenean, mendi baten gainean bakarrik edo zurrunbilo baten erdian bazeunde bezala bizi duzu herrian gertatzen den oro, eta zaila da abstrakzio ariketa egitea eta zure burua kanpotik ikustea. Oraingo perspektiba lasaiagoa da, pausatuagoa, gauzak beste gogoeta maila batekin aztertzeko aukera ematen duena.