Nola baloratzen dituzu agintaldiko bi urte hauek?
Oso modu positiboan. Herriaren garapenerako proiekturik gabeko agintaldi batetik gentozen. Ikuspegi eta ideia berriak emateko beharra sumatzen genuen, udal kudeaketari bultzada bat emateko eta egoera geldi horretatik ateratzeko gure etorkizunerako ezinbestekoak diren gaiei helduz.
Gobernu akordioa egin zenuten EAJrekin. Gustura orain dela bi urte hartutako erabakiarekin?
Hainbat alderditako pertsonez osatutako udal taldea gara. Nahiz eta EAJrekiko ideologia desberdina izan, udalean zeuden bi alderdiekin hitz egin ondoren, haiekin gobernu akordio batera iritsi ginen; programa bateratu batean oinarrituta eta gure udalerriak behar zituen hobekuntzak egiteko lehentasunarekin egin genuen akordioa.
“EAJrekin gobernu taldea osatzeko erabakia garestia izan zen eta oposizioko sektoreek ez zuten ulertu”
Akordio horren baitan, Gizarte Politika eta Berdintasuna eta Turismo batzordeen ardura hartu zuen Orain Debak 2023an. Nola baloratzen duzue arlo horietan egindako lana? Zer erronka nagusi izan dituzu esku artean?
Gizarte Zerbitzuetan eta Berdintasunean zerbitzuak mantentzen dira eta eguneko zentroan hobetuz doaz, laster asteburuetan eta jaiegunetan ere irekiko baita. Arbil berritu da, taberna ireki da eta erretiratuen etxea 60 urtetik gorakoentzako jarduera anitzeko elkarte sozial bihurtu da, zahartze aktiboaren eta nahi ez den bakardadearen aurkako borrokaren alde lan eginez. Bestalde, Debako kulturarteko programako jarduerak egin dira etorkinekin, besteak beste, udalaren ongietorria, giza liburutegia, kulturarteko gastronomia eta inklusio-mahaia. Iaz, 2024an, Debako Udalak eraso matxisten aurkako protokoloa onartu zuen. Hondartzako eraso sexisten aurkakoa egin da aurten eta udalaren berdintasunerako barne-plana onartuko da.
Turismoko lehendakaritza 2024an utzi genuen eta batzorde horretan lanean jarraitu genuen, Debako herriarentzat hain garrantzitsua den sektorea bultzatuz.
Zeintzuk izango dira Orain Debaren lehentasunak hurrengo bi urteetan? Zure ustez, zein proiektu izango dira estrategikoak?
Kudeaketa eta zerbitzuak hobetzen jarraitzea, kiroldegiaren ondoan adinekoentzako ekipamenduaren eraikuntza amaitzea eta Osion etxebizitza sozialak eraikitzeko behin betiko urratsak ematen hastea izango da Orain Debaren lehentasuna.
Zure taldeko ordezkari bakarra zara eta lehen aldia duzue udaletxean. Nola daramazu maila pertsonalean?
Agintaldiaren hasiera oso zaila izan zen, EAJrekin gobernu taldea osatzeko erabakia garestia izan zen eta oposizioko sektoreek ez zuten ulertu. Denborak arrazoia eman dit eta, esperientziadun talde batua osatuz, herri honentzat aldaketa nabarmena lortzen ari gara.