Igandean 'Itoiz. Udako sesioak' dokumentala proiektatuko dute klaustroan

Berriketan 2025ko uzt. 18a, 10:42

Arg.: Atera Films

Emanaldi berezia izango da, dokumentaleko talde teknikoak eta musikari mutrikuarrek girotuko baitute saioa. 21:30ean hasiko da.

Datorren igandean, uztailaren 20an, Itoiz. Udako sesioak dokumentalaren emanaldi berezia hartuko du Debako Santa Maria elizako klaustroak, 21:30ean. Proiekzioan Larraitz Zuazok, Zuri Goikoetxeak eta Ainhoa Andrakak osatutako zuzendaritza taldea eta Juan Carlos Perez aktorea izango dira, Itoizen abesti enblematikoenetako batzuk zuzenean joko dituzten Mutrikuko bi musikarirekin batera.

Ikus-entzunezkoak Itoiz musika talde ospetsuaren ibilbidea eta eragina errepasatzen du. Egileek gogorarazi bezala, Euskal Herriko musikagintzan eragin handiena izan duten taldeetako bat da Itoiz, "bereziki, 80 hamarkadan modu berritzailean egin zuen musika-genero desberdinen arteko fusioagatik". Hala, Larraitz Zuazok, Zuri Goikoetxea zinemagile debarrak eta Ainhoa Andrakak zuzendutako filmak "musikazaleen belaunaldiak lotzen dituen narrazio hunkigarri eta oroitzapenez betea" aurkezten du.

Debako Udalaren babesa

Proiektuak, besteak beste, Debako Udalaren babesa du eta, udal iturriek aipatu bezala, "lankidetza horrek udalerriak tokiko kultura sustatzeko eta eskualdeko musika eta gizarte ondarea aberasten duten proiektuei laguntzeko duen konpromisoa azpimarratzen du".

Alazne Txurruka alkatearen esanetan, "ohore handia" da Itoiz dokumentala Deban proiektatzea. "Dokumental honek gure historiaren parte izan den talde baten ondarea berreskuratzeaz gain, gure eskualdeko aberastasun kulturala eta hau bezalako ekimenak babesten jarraitzearen garrantzia azpimarratzen du, gure sustraiekin konektatu eta, aldi berean, etorkizunera begira proiektatzeko aukera emanez”, nabarmendu du.