Ekimena urte hasieran abiatu zuten, proposamenak aurkezteko fasearekin. Udalak gogorarazi bezala, urtarrilaren 30etik otsailaren 17ra bitartean, herritarrek 438 proposamen aurkeztu zituzten eta udaleko teknikariek eta Berme Batzordeak guztiak baloratu eta lehenetsi zituzten. "Berme Batzordeak, gainera, herritarren bizi-kalitatea eta osasuna hobetzera bideratutako hautaketa-irizpideak ezarri zituzten aurrez, ahalik eta pertsona gehienei mesede egingo zieten ideiak lehenetsiz", azaldu du.
Bozketa fasea maiatzaren 21etik ekainaren 4ra bitartean egin da, eta 633 boto izan ditu guztira. Horietatik 293 boto Internet bidez jaso dituzte, eta 132 aurrez aurre; aldiz, 208 boto herriko ikastetxeek eman dituzte; azken hauek modu aktiboan parte hartu dute bai proposamen zein bozketa fasean ere.
Herritarrek hainbat proposamenen artean aukeratu ahal izan dute, bi multzotan banatuta: 18.000 eurotik gorako proposamenen multzoa eta kopuru horretatik beherakoena. Bozketaren ondoren, proiektu hauek aukeratu dituzte hurrengo urteetan aurrera eramateko:
18.000€-tik gorako proposamenak
- Eskailera mekanikoak konpondu eta estaltzea: 354 boto
- Kioskoko komunak konpontzea: 219 boto
18.000€ baino gutxiagoko proposamenak
- Hondartzako pasealekuan eta ibaian iturriak jartzea: 426 boto
- Hobekuntza orokorrak gimnasioan: 384 boto
- Kontzertuen urteko programazioaren proposamena: 379 boto
- Erromeria inauterietan: 288 boto
Debako alkate Alazne Txurrukak eskerrak eman dizkie prozesu hau posible egin duten guztiei: "Udaletik, gure eskerrik beroenak adierazi nahi dizkiegu euren proposamen eta botoekin parte hartu duten herritar guztiei. Prozesu hau debarrek gure udalerria hobetzeko duten konpromisoaren adierazle argia izan da. Era berean, biziki eskertzen dugu udaleko teknikarien lana, banan-banan aztertu baitituzte proposamen guztiak dedikazio eta gardentasunez. Eta, jakina, eskerrak eman nahi dizkiogu Berme Batzordeari, prozesuaren neutraltasuna une oro zaindu duelako, guztia ezarritako printzipioen arabera egin dela ziurtatuz ", nabarmendu du alkateak.
Prozesu honen azken urrats gisa, udalak adierazi du datozen bi urteetan gauzatuko dituela herritarrek gehien bozkatutako proposamenak, "eta, horrela, beste behin ere, debarrei ahotsa emango die Deba bizitzeko udalerririk onena eraikitzeko bidean".