Debalai Debako Merkatari eta Ostalaritza Elkarteak itxura berriarekin ekin dio ikasturteari. 2010ean sortu zenetik logo bera erabili badute ere, hamabost urteko ibilbidearen ostean, "irudi fresko eta eguneratuagoa izatearen aldeko apustua" egin dutela jakinarazi dute elkarteko ordezkariek.
Logo berria irudi zaharraren esentzian oinarrituta sortu dute, eta hura berritzeko arrazoiak ere azaldu dituzte. "Urte hauetan guztietan kide berri ugari batu dira taldera, eta hasieratik daudenei orain arteko markak elkartea sortu zuteneko garaia modu berezian gogorarazten bazien ere, asko ez ziren guztiz identifikatuta sentitzen".
Zehaztu dutenez, irudi berriak "protagonismo berezia" ematen die elkartearen izena osatzen duten bi hitzei eta, aldi berean, bi munduren arteko lotura iradokitzen du: merkataritza eta komunitatea, tradizioa eta berrikuntza, Deba eta alaitasuna. "Elkartearen izenaren bidez mezu argia helarazten da: babesetik, elkarlanetik eta giro positibotik eraikitzen den merkataritza eta ostalaritza sare bat, zurekin, gertu, lagun eta herrikide lelopean".
Irudi berriaz haratago, sare sozialetara ere jauzi egin du Debalai elkarteak, Instagram kontua zabalduz. Hala, aurrerantzean kontsumitzaile eta herritarrek elkartearen zein antolatzen diren ekintzei buruzko informazioa sare sozial honen bitartez jasotzeko aukera zuzena izango dute, @debalaielkartea kontuan.
Elikadura Astea eta Debalai pintxo-potea
Laster, bestalde, Elikadura Astea abiatzeko asmoa duela iragarri du elkarteak. Bertan, herritarrek tokiko komertzioetan egindako erosketengatik tiketak jasoko dituzte, elikadura-saskien zozketan parte hartzeko.
Era berean, Debalai pintxo-potea antolatuko dutela ere esan dute. "Erosketekin banatutako tiketak erabilita, herritarrek egun jakin batean Debako pintxo-poteaz gozatzeko aukera izango dute". Ekimen horiei buruzko xehetasunak aurrerago jakinaraziko dituzte.
Ekimenok —irudia berritzea barne— udalerria dinamizatu eta tokiko merkataritza-sarea indartzea dute helburu, eta Debalairen zein Debako Udalaren arteko elkarlanaren emaitza dira. Udalak adierazi duenez, bi erakundeak aktiboki ari dira elkarlanean, "Debako jarduera ekonomiko eta soziala bizirik mantentzen duten proiektuak bultzatzeko".