Frantses Filologian lizentziatua da, baina Gaztañagaren orain arteko ibilbide profesionala "ez da humanistikoa bakarrik izan". Donostian bizi da eta azken hamazazpi urteotan Ficoba-n dihardu, gaur-gaurkoz azoka eta kongresuen zuzendari lanetan. Aitortu duenez, gogoko du bere lanbidea; "gustura eta harro nago egiten dugun lanaz", azpimarratu du.
Berak zuzentzen duen Bioterra azokaren bezperetan, bere zereginez, sektoreko erronkez eta beste hainbat kontuz galdezka joan zaio Berriketan.
Hamazazpi urte daramatzazu Ficoban lanean. Nola iritsi zinen bertara?
Nazioarteko esparruan esperientzia lortu ostean iritsi nintzen Ficobara. Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotze bekari esker eta Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren kanpo-merkataritzako beste beka bati esker hainbat tokitan lan egiteko aukera izan nuen. Esperientzia horiek nire profila zabaltzen lagundu zidaten.
Zein ikasketa edo ibilbide izan duzu aurretik gaur egungo lanpostuan aritu ahal izateko?
Frantses Filologian lizentziatua naiz, baina nire ibilbidea ez da humanistikoa bakarrik izan. Nazioartekotzean eta kanpo-merkataritzan espezializatzeko beka eta prestakuntza horiei esker, sektore anitzetan aritzeko gaitasuna garatu nuen. Gainera, sei hizkuntzatan moldatzen naiz: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, italiera eta portugesa. Horri esker, hainbat diziplinatan lan egin ahal izan dut, beti ikuspegi estrategiko eta komunikatibo batetik.
Gaur-gaurkoz, azoka eta kongresuen zuzendaria zara. Zertan datza zure lana zehazki?
Nire lanaren ardatza Ficobako azokak eta kongresuak diseinatzea, koordinatzea eta garatzea da. Talde lana ezinbestekoa da: erakusketariekin harremanak, programazioaren edukia, komunikazioa, logistikaren antolaketa eta babesleen kudeaketa ere nire ardurapean daude. Ekitaldi bakoitza proiektu berezi bat da, bere estrategia, helburu eta publikoarekin.
"Hamazazpi urte hauetan asko ikasi dut, erronka asko izan ditut eta talde bikain batekin lan egiteko aukera izan dut"
Zein da zure erronkarik edo motibaziorik handiena egunerokotasunean?
Erronka nagusia egitasmo bakoitza eraginkortasunez gauzatzea da, baina nire motibazio nagusia eragina da: proiektu bakoitzak komunitateari, ekonomiari eta jasangarritasunari egiten dion ekarpena. Gure lanak tokiko ehun ekonomikoa indartzen du eta, askotan, pertsonen kontzientziazioan ere eragiten du.
Ekainaren 6tik 8ra egingo den Bioterra azoka zuzentzeaz arduratzen zara, besteak beste. Nola bizi dituzu aurreko egunak?
Bizitasunez eta ardura handiz bizi ditut, azken asteetan tentsioa eta emozioa areagotzen dira... Xehetasun guztiak zaindu behar ditugu erakusketarien, bisitarien eta guztion esperientzia onena izan dadin. Halako azoka batek presio handia sortzen du, baina emaitza ikusita benetan merezi du.
Bisitari kopuru mardula izaten duzue beti. Oraingoan ere horrela izatea espero duzue?
Bai, iaz 10.000 bisitari baino gehiago izan genituen eta aurten joera horri eustea espero dugu. Publikoak gero eta interes handiagoa du kontsumo arduratsu eta ekologikoarekiko eta horrek Bioterra indartzen jarraitzen du.
Estatu mailan sektoreko azoka erreferenteetako bat izatera iritsi da Bioterra. Hori lortzea ez zen erraza izango, ezta?
Ez, ez da batere erraza izan. Bioterra apalki hasi zen, baina 21 urtez egindako lana, erakusketarien konfiantza eta publikoaren leialtasuna funtsezkoak izan dira. Talde oso baten lan konstantea, ideien etengabeko berrikuntza eta sektorearekiko konpromiso sendoa behar dira horrelako posizio bat lortzeko.
Bioterraz gain, abenduan egiten den Be Veggie eta aisialdiko nautikarekin eta uretako jarduerekin lotutako Ababor azoka antolatzeaz ere arduratzen zara.
Be Veggie eta Ababor bezalako ekimenek gure jarduna dibertsifikatzeko aukera ematen digute. Be Veggie elikadura beganoaren eta bizi estilo osasuntsuaren inguruan aritzen da, eta bisitari gazteak eta konprometituak erakartzen ditu. Ababor-ek, berriz, aisialdiko nautikan eta uretako jardueretan jartzen du arreta. Bi ekimenek publiko eta erakusketari oso ezberdina erakartzen dute eta horrek oso aberasgarri egiten du antolakuntza esperientzia.
Orain artean azokak aipatu ditugu, baina Ficoba erakustazoka bat baino gehiago da, bestelako ekintza edo jarduera batzuk ere egiten baitituzue...
Bai, Ficoba ez da azoketarako azpiegitura bat soilik. Urtean zehar kongresuak, jardunaldi profesionalak eta ekitaldi sozialak ere hartzen ditugu, baita kultur programazio zabala ere. Era berean, enpresei eta erakundeei espazio malguak eta profesionalak eskaintzen dizkiegu beraien jarduerak garatzeko.
"Nire ametsa Ficoba berrikuntzaren eta jasangarritasunaren eredu izatea da. Ikasten eta garatzen jarraitzea da nire helburua"
Ideia bat egiteko, aipa ditzagun datu batzuk. Adibidez, urtean zenbat bisitari edo ekimen hartzen dituzue? Nolakoa da balantzea?
Urtero 100.000 bat bisitarik eta 200 ekitaldi inguruk betetzen dute Ficoba. Iaz, adibidez, 145.000 bisitari eta 285 ekitaldi izan genituen. Gure inpaktu ekonomikoa ere nabarmena da Bidasoa eskualdean: ostatua, gastronomia eta tokiko enpresa sarearengan eragin positiboa du eta, aldi berean, marka baten posizionamendua indartzen du.
Zure ustez, zer garrantzi du Ficoba bezalako erakustazoka batek Gipuzkoan? Eta Euskal Herrian, oro har?
Ficobak mugaz gaindiko elkarlan ekonomiko eta soziala garatzeko aukera ematen du, Bidasoa eskualdeko dinamizatzaile gisa. Gipuzkoarentzat estrategikoa da eta Euskal Herri osoarentzat erakusleiho garrantzitsua, bere aniztasun sektorialagatik eta jasangarritasunaren aldeko apustuagatik.
Zer eman dizu bertan lan egiteak? Zer moduzko esperientzia ari da izaten zuretzat? Gustura al zaude?
Oso esperientzia aberasgarria izaten ari da eta bete-betea profesionalki. Hamazazpi urte hauetan asko ikasi dut, erronka asko izan ditut eta talde bikain batekin lan egiteko aukera izan dut. Gustura eta harro nago egiten dugun lanaz.
Zer erronka edo amets ditu Maialenek aurrera begira? Etorkizunean ere Ficoban ikusten al duzu zure burua?
Nire ametsa Ficoba berrikuntzaren eta jasangarritasunaren eredu izatea da. Ikasten eta garatzen jarraitzea da nire helburua. Ingurune aldakor honetan, funtsezkoa da egokitzea, baina balore eta helburu argiekin beti: komunitateari ekarpena egitea eta ingurumenarekiko konpromisoan aurrera egitea.