Hiru eguneko festa egitarauarekin dator aurtengo Debarren Eguna

Berriketan 2025ko mai. 16a, 09:35

Arg.: Joxerra Larrañaga

Iritsi da maiatzeko hirugarren asteburua eta, horrekin batera, Debarren Eguna. Egun handia etzi (maiatzak 18) ospatuko den arren, gaur emango zaio hasiera festa egitarauari.

Gaur (maiatzak 16) arratsaldean hasiko da ospakizuna, LH4tik DBH2ra arteko ikasleei zuzendutako paella lehiaketarekin; paseo estalian izango da, 18:30ean. Ordubete beranduago, 19:30ean, Kalean Kantuz taldeko kideen emanaldia izango da eta gauean, 22:00etan, Debako Musika Bandak kontzertua emango du elizako klaustroan.

Bihar (maiatzak 17) haurrentzako margo lehiaketa izango da goizean (sari banaketa arratsaldean egingo dute). 13:00etan Euskaraldiko kuadrillen arteko jolasen finala jokatuko da Plaza Zaharrean eta, ordu berean, Debako gaiteroen eta Banda Gaztearen kalejirak izango dira. Egitarauak arratsaldean izango du jarraipena: 17:30ean entzierroa egingo dute gurdiekin, 18:00etan sokatira jardunaldia egingo da zumardian eta 19:00etan kalejiran irtengo da Debako Musika Banda. 21:00etatik 22:30era Farola Sound System-en emanaldia izango da Plaza Zaharrean eta 23:00etan Nonbait erromeria taldea ariko da Foruen Plazan.

Urtero bezala, iganderako iragarri dituzte dagoeneko herrian ondo errotuta dauden eta ospakizun honetan bereziki esanguratsuak diren kultur jarduerak; 08:00etan Lizarrako gaiteroen diana izango da eta 08:30ean entzierroa eta sokamuturra egingo dira. 11:00etan ezpata dantza egingo dute Gure Kaiko kideek San Rokeko ermitan eta, ondoren, herriko elkarteek salda eta txorizoa eskainiko dituzte Foruen Plazan. 11:45ean erraldoien konpartsen desfilea izango da eta desfilearen aurretik, 11:30ean, omenaldia egingo diote Salvador Martinez gaiteroari Agirre jauregian, Musika Eskolaren ekimenez. Eguerdian, Gure Kaik aurreskua dantzatuko du Foruen Plazan, 13:00etan. Arratsaldean, aldiz, 18:00etan erraldoien alardea egingo da Plaza Zaharrean (euria egingo balu, Aldats pilotalekuan) eta egitaraua Ostarte taldearen erromeriarekin amaituko da (19:00etan izango da, Foruen Plazan).

HEMEN egitarau osoa.