Erantzun ona izan du aurten ere guraso talde baten ekimenez egingo den paella txapelketak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 92 gaztetxok izena eman dute lehiaketan eta guztiek ere lapiko eta su artean duten trebezia erakutsi beharko dute.
Ohi bezala, bi mailatan jokatuko da txapelketa: A kategorian LHko 4. eta 5. mailako ikasleak lehiatuko dira eta B kategorian, berriz, LH 6 eta DBH 1. eta 2. mailakoak. Taldeka parte hartuko dute guztiek, gehienez ere bost lagunek osatutako taldeetan.
Parte hartzaileek "nahi beste" denbora izango dute platera aurkezteko, baina denek prestatu beharko dute janaria antolakuntzak banatutako osagai berberak erabiliz. Hainbat saltokiren eskuzabaltasunari esker, honako osagaiak banatuko dizkiete taldeei: piper gorria eta piper berdea, tipula, arroza, txistorra eta salda egiteko pastilla bat.
Ura termoan eramatea debekatuta
Parte hartzaileek, berriz, sukaldean aritzeko sua, lapikoa eta kozinatzeko beharrezko tresnak eraman beharko dituzte. Horrekin batera, litro bat ur ere eraman beharko dute, baina ohartarazi dutenez, debekatuta egongo da ura termoan eramatea.
Platerak aurkeztu ondoren, epaimahaiak baloratuko du emaitza, eta azpimarratu dutenez, parte hartzaile guztientzat izango da saria. Aurreratu dutenez, "gozoki poltsa bat eta opari sorpresa bat" jasoko dute opari.