Gipuzkoako Turismo Mahaia Deban bildu da estrategia berriak aurkezteko

Berriketan 2025ko api. 11a, 08:40

Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak New Yorkera egindako azken bidaian Amerikako merkatuarekin ezarritako harreman zuzenei buruzko xehetasunak eman zituen aurreko astean Deban ospatutako Turismo Mahaiaren bileran.

Topaketa Hiru Uhinak hotelean egin zen, eta sektoreko ordezkari nagusiak bildu ziren bertan. Turismo Mahaiaren bigarren bilera izan zen, diputatuak joan den azaroan foro hori berriz martxan ondoren. "Foro hori erakundeetako, eskualdeetako, ostatu-sektoreko, ekitaldietako, biltzar-zentroetako eta gure lurraldeko beste aktibo turistikoetako ordezkariek osatzen dute, ia sei urtez deitu gabe egon ondoren", adierazi dute.

Diputatuak, besteak beste, AEBetan egindako bisitan burututako jardueren errepasoa egin zuen, eta sektorearekin partekatu zituen merkatu horrekin sortutako zuzeneko harremanak. Iragarri zuenez, ekainetik aurrera AEBak Gipuzkoatik inoiz baino gertuago egongo dira, izan ere, New York eta Loiuko aireportuaren arteko hegaldi zuzena martxan jarriko baita. Era berean, Turismoko Plan Estrategiko berriaren ardatzak zehazten jarraituko dutela ere aurreratu zuen.

Aro turistiko berria

Azahara Dominguezek aipatu zuenez, "aro berri baten aurrean" gaude turismoaren panoraman eta egiten diren sustapen-politika publikoen diseinuan. "Gure helburua kalitatezko turistak eta negozioak erakartzea da, eta horiek sartzen dira nagusiki agentzietan", azpimarratu zuen.

Testuinguru horretan, bere departamentua merkatu berriak sustatzera bideratuta dagoela adierazi zuen, eta nabarmendu zuen egindako bidaiari esker, Gipuzkoako eta AEBetako operadore turistikoen artean harreman zuzenak estutu direla.

Interes handiko merkatua

Diputatuak Gipuzkoako joera turistikoen azterketa partekatzeko ere baliatu zuen jardunaldia eta, ohartarazi zuenez, AEB goraldian dagoen merkatu bat da. "Gure lurralderako interes handikoa da, hainbat arrazoirengatik".

Zehaztu zuenez, turista amerikarren batez besteko egonaldia 7,7 gauekoa da, eta horrek "Gipuzkoako batez besteko egonaldia nabarmen igotzen lagun dezake". Gainera, bidaiari horiek egunero 300 euro inguru gastatzen dituzte batez beste —kopuru hori soilik japoniarrek gainditzen dute—.

Alazne Txurruka Debako alkatea ere bertan izan zen. Mahaia osatzen dutenei ongietorria emateaz arduratu zen, eta asko eskertu zuen bilera udalerrian egitea. "Debatik kalitatezko turismo iraunkorraren aldeko apustu irmoa egiten dugu, gure enpresei aukera berriak eskuratzen laguntzeko eta Gipuzkoa erreferentziazko turismo helmuga gisa bultzatzen laguntzeko”.