ELKARRIZKETA

"Gai interesgarri bat geneukan, aktualitatearekin lotura zuzena duena, eta, era berean, aurrez landu gabea"

Berriketan 2025ko ots. 11a, 09:19

Aspaldiko partez, bertoko bi herritarrek irabazi dute Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen dituen Tene Mujika beka. Beka deialdi batera elkarrekin aurkezten diren lehen aldia izanik, "ondo baino hobeto" irten zaiela aitortu dute Lander Aranberri eta Iñaki Sagarna irabazleek. 

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako bekaren azken deialdira aurkeztutako proiektuen artean, Aranberrirena eta Sagarnarena saritzea erabaki du Kristina Berasainek, Eneko Bidegainek eta Cira Crespok osatutako epaimahaiak. Frankismoarekiko euskal erresistentziak Israel-Palestina auziaren aurrean izandako bilakaera aztertuko dute bi ikerlariek. Urtebeteko epea eta 8.000 euro izango dituzte lana burutzeko, gero liburu gisa argitara dadin.

Pozik daude beka irabazleak, Berriketan-i azaldutakoaren arabera.

Beka jaso berritan, pozik al zaudete?

Lander Aranberri: Sorpresa galanta izan da, egia esan. Sariketaren zerrendan, itzal handiko izen-abizenak eta lanak daude: Imanol Murua Uriaren Loiolako Hegiak, Kattalin Minerren Moio. Gordetzea ezinezkoa zen, Estitxu Fernandezen eta Erika Lagomaren M ama* eme* ume*… Gure premisa erabat bestelakoa izan da: gai interesgarri bat geneukan, aktualitatearekin lotura zuzena duena, eta, era berean, aurrez landu gabea. Guk ikerketari heldu diogu, topatutakoa kontatzeko, bestelako anbiziorik gabe. Pentsa, mezua helarazi ziguten unean, lehenbizi, badaezpada, elkarri idatzi genion, inor txantxetan ez zebilela egiaztatzeko!

Ez beti, baina gehienetan norbanako batek irabazi ohi du Tene Mujika beka. Elkarlanean jarduteko prest?  

L. A.: Lau eskutara jardutearena prozesu naturala izan da. Azken batean, bion arteko berriketek egituratu zuten hasierako ideia hura, eta elkarrekin hartutako tortilla-pintxorik eta kaferik gabe, ez ginatekeen proiektua aurkezteko gai izango ere. Estilo, lan egiteko era eta erritmo desberdinak ditugu, baina hori, erronka baino gehiago, bestearen aurkakotasunekiko akuilu izan da orain arte. Azken finean, lagunak gara, eta badakigu batak besteari adarra jotzen, baina baita tira egiten ere.

Zer konta dezakezue zuen proiektuaren inguruan?   

I. S.: 1950-1980 urteen artean euskal gizartearen segmentu politiko ezberdinek Israelen eta Palestinaren arteko gatazkari nola begiratzen zioten ikustea eta haren eboluzioa aztertzea da helburu nagusia. Gai zabala izanik, frankismoaren familia ezberdinek zuten ikuskera ikerketatik kanpo utziko dugu, horretan sakondu gabe. Baina ez da ahaztu behar Espainiak mundu arabiarrarekin halako aliantza berezi bat garatu zuela; horregatik, Estatu espainiarrak ez zuen Israelekin harreman diplomatikorik ofizialki normalizatu 1986ra arte. Gu Frankismoari oldartu zitzaizkion eragile politiko ezberdinetan zentratuko gara. Euskal erresistentzia deitu diegu. Hasi ETA eta bere eszisioetatik (LKI, EMK...), EAE eta EAJtik pasa eta PSE eta ezker iraultzailean kokatzen ziren taldeak ditugu jomugan (EKE, ORT). Batzuk "estatalistak" izanagatik ere, haien indarren hezur-muina Euskal Herrian kokatzen baitzen.

Arreta berezia jarriko diozue kultur munduari ere, ezta?

I. S.: Bai, kulturan ere jarriko dugu mira, euskararen auzian, hain zuzen. Euskararen alfabetatzeak iraultza moduko bat bizi zuen garai haietan. Euskararen batasunean edo euskalkien indartzean, non jarri behar zen indarra? Bada, batasunaren aldekoak nagusitu eta eredu bila hasi ziren. Eta horra hor Ben Yehudak; hebreera modernoa berpiztu zuen, eta nola gainera, seme-alabek gurasoei irakatsi zieten hizkuntza horrek ikaragarrizko alfabetatze tasak zituen. Hainbat euskaltzalek fenomeno hori aztertzeari ekin zioten eta eredu bezala hartu zuten, handik metodologia ezberdinak ekarriz.

Bestalde, hirugarren ildo bat ere garatu nahi dugu. Egun pentsaezina dirudien arren, garai hartan makina bat euskaldun kibbutzetara joan ziren sozialismo erreala praktikatzera. Kibbutzak jabetza pribaturik gabeko komunitate kolektiboak dira; eta Sobietar Batasunaren argia itzaltzen zihoan hartan, Israelen garatzen ari ziren esperientzia autogestionatu haiek aukera erreal bat garatzeko bidea eskaintzen zuten. Zoritxarrez, haiek jakin gabe, Israelen proiektu kolonizatzailearen parte ziren, kibbutz asko Nakbaren ostean (1948an) palestinarrek hutsik utzitako etxaldeen gainean eraiki baitziren.