Lander Aranberrik eta Iñaki Sagarnak irabazi dute Tene Mujika beka

Berriketan 2025ko urt. 14a, 13:06

Euskal mugimendu abertzaleak "Israel-Palestina auziaren aurrean izandako bilakaera" aztertuko dute bi debarrek. Urtebeteko epea izango dute lana burutzeko, gero liburu gisa argitara dadin.

Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko Tene Mujika bekak, eta azken deialdira aurkeztutako proiektuen artean Iñaki Sagarna eta Lander Aranberrirena saritzea erabaki du Kristina Berasainek, Eneko Bidegainek eta Cira Crespok osatutako epaimahaiak. Bi irabazleek urtebeteko epea izango dute orain beren proiektua garatzeko, gero liburu gisa argitara dadin.

Zehazki, Eretz-Herria: euskal erresistentziaren Israel-Palestina auziarekiko begirada 1950-1980 urteen artean du izenburua bi debarrek aurkeztu duten proiektuak. Elkar argitaletxeak zehaztu duenez, "bertan aztertu nahi dute euskal mugimendu abertzaleak (bere espresio politiko desberdinetan) nola ikusi izan duen gatazka hori, Israelgo estatuaren sorreratik XX. mendearen azken hamarkadetara". Gaineratu dutenez, arreta berezia jarriko diote kultur munduari; "izan ere, hebreeraren biziberritzeak lilura eta jakin-min galantak sortu zituen garai bateko euskaltzaleen artean, baita kibbutzen mugimenduak ere".

Zuzenbidean graduatua da Aranberri (Deba, 1996), eta abokatutzan eta nazioarteko ikasketetan masterduna; Sagarna (Deba, 1995), berriz, Historian graduatua eta masterduna da.