Pentsio duinak aldarrikatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur (urtarrilak 13) eguerdian Deba eta Itziarko pentsiodunek. Beti bezala, 12:00etan jarri dute hitzordua, Foruen Plazan, eta ohiko mobilizazioan duela gutxi zendu zen Mila Idiakez oroituko dutela adierazi dute.
Izan ere, pentsiodunen taldeko kide izan da Idiakez herriko mugimenduaren sorreratik, eta arrazoi horregatik izango dute gogoan, besteak beste, gaurko elkarretaratzean. Idiakezen omenez sortutako bertsoa ere plazaratu dute (HEMEN irakurgai).
Joan den urtarrilaren 1ean hil zen Idiakez, 72 urte zituela. Haren heriotzak dolumin mezu eta atsekabe sentimendu ugari eragin ditu ezagun zutenen artean.