Gaur egingo diote azken agurra Mila Idiakezi, Deban

Berriketan 2025ko urt. 3a, 10:41

Urtarrilaren 1ean hil zen Mila Idiakez Altzibar, 72 urte zituela, eta haren heriotzak samina eragin du udalerrian, baita Euskal Herriko beste hainbat lekutan ere. Gaur (urtarrilak 3) egingo zaio azken agurra, Artzabalgo beilatokian.

72 urte zituela hil da, Eibarren, Mila Idiakez eta haren heriotzak dolumin mezu eta atsekabe sentimendu ugari eragin ditu ezagun zutenen artean. Batik bat, herrigintzan, mugimendu feministan eta politikan egindako lanagatik da ezaguna Idiakez, Deban ez ezik, Euskal Herrian ere.

Besteak beste, Euskal Herritarrok-en batzarkide izan zen Gipuzkoako Batzar Nagusietan (1999tik 2003ra), eta EAE-ANVko zinegotzi Debako Udalean 2007an. Halaber, Egizan erakunde feministaren sortzaile eta LAB sindikatuko delegatua ere izan zen.

Bestalde, Debako Goaz Antzerki Taldearen sortzaileetako bat izan zen Idiakez; taldearen 50. urtemugaren harira kaleratutako dokumentalean ere parte hartu du, hain justu, berriki. Ondar Beltz dantza taldearen sorreran ere parte hartu zuen, baita Burdin Kurutz Mendi Taldearen hastapenetan ere. Azken urteotan ere herrigintzan murgilduta jarraitu du debarrak; pentsiodunen mugimenduan aritu da, adibidez, eta Debadezine Zine Klub Elkarteko zuzendaritza taldean ere bai (Berriketan-ek martxoan egindako erreportajea da horren erakusgarri).

Ezker abertzaleko militante ezagunaren heriotzaren berri ematearekin batera, dolumin mezu ugari zabaldu dira azken orduetan sare sozialetan eta komunikabide ezberdinetan (Garan eta Naiz-en, kasu). Besteren artean, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Sortu, EH Bildu, LAB edota Itziarko Auzo Udaleko ordezkariek ere beren samina adierazi dute. 

Artzabalgo beilatokian egingo diote azken agurra Mila Idiakezi; haren beila gaur izango da, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.