Lersundi kalea zabalik dago oinezkoentzat

Berriketan 2025ko urt. 9a, 11:33

Atzo goizean itxi zuten gunea zabalik dago jadanik oinezkoentzat; ez, ordea, ibilgailuentzat.

Atzo (urtarrilak 8) goizean Lersundi kalearen zati bat itxi egin zuten, Maxi taberna zegoen lekuaren parean. Haizearen eraginez, Lersundi kaleko 28. zenbakiko eraikinaren etxe-aurretik zati batzuk lurrera erori ziren eta, eremuko segurtasuna bermatzeko helburuz, kalearen zati hori ixtea erabaki zuten behin-behinean.

Arratsaldez jardun zuten arazoari konponbidea emateko lanean eta iluntzerako amaitutzat eman zituzten lanak, gaur-gaurkoz; sare batekin babestutako andamio bat jarri zuten kalearen alde batean, segurtasuna bermatze aldera, eta oinezkoek andamio azpitik pasatzeko aukera daukate. Nolanahi ere, ibilgailuentzat itxita jarraitzen du kaleak.