Erreportajea

Sei urte zinemarekiko zaletasuna hauspotzen

Berriketan 2024ko mar. 29a, 10:30

Ezkerretik eskuinera, Mila Idiakez, Marian Garcia, BegoƱa Tello eta Patxi Lopez Debadezineko kideak, Kultur Elkarteko areto nagusian.

Herriko zinema aretoa aspaldi itxi bazuten ere, arte horren "magiaz eta xarmaz" taldean gozatzeko proposamena dakar igandero Debadezine Zine Klub Elkarteak. Taldeko kideek filmak ikustea dute gustukoen, eta afizio hori partekatzeko helburuz ekin zioten proiektuari 2017an. Harrezkero, ehunka pelikula proiektatu dituzte Kultur Elkartean, herrian zinemarekiko zaletasuna sustatuz.

Beste hainbat zineklubek bezala, Debadezinek ere herriko zenbait zinemazale amorraturen pasioak bultzatuta ekin zion bere bideari. 2017ko hitzordu informal baten bueltan hasi zen dena egosten. "Zinema sustatzeko proiekturen bat abian jartzea interesatzen zitzaiela komentatu zigun Kultur Elkarteko ezagun batek. Herriko zinema aretoa itxi zutenetik, egia esan, Deban ez zegoen halako eskaintzarik helduentzako. Beraz, ideia ona iruditu zitzaigun ezagun hark proposatutako proiektua martxan jartzea".

Esan eta egin. Handik gutxira, afari hartan aipatutakoari forma ematen hasteko bilera bat antolatu zuen Kultur Elkarteak eta, interesa zuten herritarrak egitasmora batu ondoren, antolatzen hasi ziren. "Sei bat lagun bildu ginen, eta esku artean geneukan proiektuari elkarte izaera ematen hasi ginen. Izan ere, jarduerak antolatzen hasi ahal izateko, beharrezkoa zen izaera juridiko propioko elkarte gisa erregistratuta egotea".

2017. urtearen amaieran eratu zuten elkartea eta, azaldu dutenez, pelikulak proiektatu ahal izateko lizentzia lortzea izan zen hurrengo urratsa. Merkatua aztertzen aritu ondoren, Europa mailako Umbrella hornitzailearen lizentziapean jardutea erabaki zuten. Lizentzia hori erabiltzean, dena den, bestelako baldintza edo arau batzuk betetzera derrigortuta dago elkartea. "Ekoiztetxe jakin batzuen filmak baino ezin ditugu aukeratu. Horrez gain, emanaldietan ezin dugu sarrerarik kobratu, eta proiektatuko ditugun pelikulen promoziorik ere ezin dugu egin", argitu dute.

Bete beharreko baldintza horiek zehaztu ondoren hasi ziren lanean elkartean. Hasiera batean, hilero helduentzako bi emanaldi antolatzea adostu zuten, baina hasi eta gutxira erabaki zuten hitzordu horiek astero eskaintzea. Orduz geroztik, Kultur Elkarteko areto nagusian zinema doan ikusteko aukera izaten da igandero, 19:00etatik aurrera. "Denboraldia irailaren erdialdean hasi eta ekainean, San Juanen bueltan, amaitzen da. Udan atsedenaldia hartzen dugu, baita Gabonetan eta Aste Santuan ere".

Debadezineko kideen esanetan, "giro polita" sortzen da asteroko proiekzioetan. "Gure ustez, hitzordu hauek jendea sozializatzeko aukera ematen dute. Badakigu, adibidez, batzuk zerbait hartzeko geratzen direla emanaldien aurretik, eta beste asko saioa amaitzean ere geratzen dira, filma zer iruditu zaien lasai eta patxadaz komentatzeko". 

Programazio aberatsa

Programazioari dagokionean, hiru hilabeteko aurreikuspenarekin hautatzen dute igande bakoitzean emango duten pelikula. Eta, aitortu dutenez, aukeraketa egitea ez da batere erraza izaten, batez ere  urtean ekoitzitako filmen kopuru handia kontuan izanda. "Gutako bi zinemazale amorratuak dira eta, adostu ditugun irizpideak kontuan hartuta, eurak arduratzen dira, hein handi batean, programazioa osatzeaz. Gainera, ahal dugunean, publikoarentzat interesgarriak diren proposamenak ere aintzat hartzen saiatzen gara".

“Film berrienak eta onenak eskaintzen saiatzen gara, baina batez ere ikus-entzunezkoak lantzen duen gaiari erreparatzen diogu”

Azpimarratu dutenez, elkarteak ez ditu pelikula komertzialak bakarrik aukeratzen; eskaintza harago doa. "Merkatuan dauden film berrienak eta onenak eskaintzen saiatzen gara, baina batez ere ikus-entzunezkoak lantzen duen gaiari erreparatzen diogu". Horiek hala, gaurkotasun handiko gai sozial, politiko edota historikoak jorratzen dituzten lanak izaten dira ikusgai emanaldietan. Gainera, taldekideen jarduna ez da mugatzen soilik proiekzioak antolatzera. "Ahal den heinean, edukietan sakontzen ere saiatzen gara. Batzuetan, adibidez, lana ekoizteaz edo zuzentzeaz arduratu den pertsona bat gonbidatu izan dugu, edo, bestela, aditu bat ere etorri izan da pelikulan jorratutako gaiari buruzko azalpenak ematera".

Sostengu ekonomikoa 

Gaur-gaurkoz, bazkideak eta udala dira elkartearen sostengu ekonomiko nagusia. Baina, aipatu dutenez, lehenengo urtean Kultur Elkartea arduratu zen Debadezineren jarduna aurrera eramateko eta mantentzeko beharrezkoak ziren gastuak ordaintzeaz. "Kultur Elkartearen babes moral eta ekonomikoa ezinbestekoa izan zen lehenbiziko hilabete haietan. Beraiek arduratzen ziren Umbrella lizentzia ordaintzeaz,  adibidez. Gerora, bazkideen kuotei eta udalak emandako laguntzari esker, gastu horri aurre egiteko gaitasuna genuela iruditu zitzaigun".

“Kultur Elkartearen babes moral eta ekonomikoa ezinbestekoa izan zen lehenbiziko hilabete haietan. Beraiek arduratzen ziren Umbrella lizentzia ordaintzeaz, adibidez”

Aipatutako dirulaguntzaren harira, pelikula mota jakin batzuk proiektatzeko hitzarmena sinatu dute udalarekin: "Euskarazko emanaldi  batzuk antolatzeko eta hilabete zehatz batzuetan lantzen diren gaiei buruzko filmak eskaintzeko eskatzen digute, adibidez".

Bestalde, ezin dutenez elkartearen zinema eskaintzaren zabalkunderik egin, Whatsapp talde bat sortu dute herritarrei programazioaren berri emateko, baina zerbitzu hori bazkideei bakarrik ematen diete. "Mezuak Whatsapp bidez jasotzeko zerbitzu horren truke 10 euroko kuota sinbolikoa kobratzen dugu; beraz, urte osoko bazkidetza ia-ia zinemarako sarrera baten prezio berean ordaintzeko aukera dago. Argitu nahi dugu, nolanahi ere, kobratzen dugun kuota hori ez dela erabiltzen elkartea aberasteko; egiten ditugun jarduerak indartzeko baliatzen dugu dirua".

Elkartea "osasuntsu" egon arren, oraindik ere zinemarekiko zaletasuna hauspotzen jarraitzeko gogoz daudela aitortu dute. "250 bazkideko langa gainditzear gaude; 238 bat izango gara orain, baina gehiago izatea gustatuko litzaiguke. Izena emateko, nahikoa da igandeetako saioetako batera agertzea".