Gaur emango zaio hasiera 2024-2025 bonu kanpainari, Debako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea dinamizatu eta bultzatzeko eta udalerrian kontsumoa sustatzeko helburuz. Debako Udaletik nabarmendu bezala, "Legealdi Planarekin bat datorren ekimena da, eta udalak tokiko ehun ekonomikoa sendotzeko eta tokiko negozioetan kontsumoa indartzeko duen konpromisoa eta apustua berresten du".
Kanpaina iragarri zutenetik astebete pasa ondoren, ekimenean 36 establezimenduk parte hartuko dutela jakinarazi dute. Hortaz, bonuen bitartez, urtarrilaren 31ra arte deskontuak eskainiko dituzte beren zerbitzu eta produktuetan.
Guztira 665 bonu jarriko dira salgai, gaurtik aurrera. Bonu bakoitzak 50 euroko balioa izango du, baina 35 euroan salduko dira. Alegia, bonu bakoitzeko 15 euroko dirulaguntza eskainiko du Debako Udalak. Azaldu dutenez, bonuak Deban edo Urazamendik auzoan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako biztanleek erosi ahal izango dituzte. Horretarako, NANa aurkeztu beharko dute, eta pertsona bakoitzak bonu bakarra eskuratu ahal izango du.
Bonu bakoitza 8 erosketa-balez osatuko dute, balio eta kategoria desberdinekin:
- 10 €-ko erosketa-bale bat zerbitzuetarako.
- 10 €-ko erosketa-bale bat modarako.
- 5 €-ko bi erosketa-bale elikadurarako.
- 5 €-ko bi erosketa-bale ostalaritzarako.
- 5 €-ko erosketa-bale bat tokiko ekoizleen merkatuko postuetarako.
- 5 €-ko erosketa-bale bat kanpainari atxikitako edozein establezimendutarako.
Bonuak 2025eko urtarrilaren 31ra arte erabili ahal izango dira ekimenarekin bat egin duten saltokietan, baina erosketaren zenbatekoa kupoiaren balioa baino txikiagoa bada, diferentzia ez dela diruz itzuliko ohartarazi dute.