Debako Udalak jakinarazi du tokiko merkataritzaren lehiakortasuna eta biziberritzea sustatzeko plan berri bat jarri duela abian. Ekimena joan den azaroaren 26an aurkeztu zitzaien herriko merkatariei eta, azaldu dutenez, udalak udalerriko ekonomia dinamizatzeko eta herriaren zein herritarren ongizaterako eta etorkizunerako funtsezkoa den merkataritza sektorea indartzeko duen konpromisoarekin bat dator.
Abiatu berri duten egitasmoaren garrantzia azpimarratu du Asier Urain zinegotziak: "Merkataritza-sektorea aldaketa askotara egokitu behar izan da azken urteotan, eta udaletik gure saltokiei lehiakorragoak izaten eta merkatuaren erronka berrietara egokitzen lagundu nahi diegu. Udalerriko establezimendu bakoitzak bere negozio-eredu egokia aurkitzea nahi dugu, eraginkorragoak, iraunkorragoak eta, batez ere, kontsumitzaileengandik hurbilago egoteko tresnak eskainiz".
Ikertalde aholkularitza-enpresa arduratuko da proiektuaren garapen zein idazketaz, eta zehaztu dutenez, merkataritza establezimendu bakoitzerako estrategia pertsonalizatuak sortzean oinarritzen da. “Plan hori establezimenduen inplikazioaren arabera garatuko da, eta pixkanaka egingo da datozen urteetan zehar. Helburua da saltokiek sektorearen erronka berriei (digitalizazioa eta jasangarritasuna, esaterako) aurre egiteko beharrezko baliabideak izatea eta herritarrei kontsumo-eskaera berriei erantzungo dieten produktuak eta zerbitzuak eskaintzea”.
Bi fasetan garatuko da azterlana. Lehenengoan, parte hartu nahi duten saltokiak identifikatuko dira, eta horien egungo egoeraren azterketa sakona egingo da. Ondoren, eta lehen fasean lortutako ondorioen arabera, merkataritza establezimendu bakoitzerako estrategia pertsonalizatuak diseinatuko dira, haien premia partikularrak eta hazteko eta merkatura egokitzeko aukerak kontuan hartuta.