Bigarren eskuko azoka antolatu dute Luzaroko LH6ko ikasleek

Berriketan 2024ko aza. 28a, 09:57

Ikasbidaia ordaintzeko dirua bildu nahian, bihar (azaroak 29) jarriko dute postua, 16:30etik 20:00etara, udaletxe azpiko arkupeetan.

Luzaro ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak jada hasita daude ikasturte amaieran Lizarrara egin nahi duten ikasbidaia antolatzen. Eta, irteera finantzatzeko helburuarekin, hain justu, bigarren eskuko azoka bat prestatu dute; bihar, azaroaren 29an, izango da, 16:30etik 20:00etara, udaletxe azpiko arkupeetan.

Ikasleek azaldu dutenez, egoera onean dauden baina erabiltzen ez dituzten askotariko produktuak jarriko dituzte salgai postuan. Gainera, oihalezko poltsak erosteko aukera egongo dela ere gaineratu dute: "Postuan saldu nahi ditugun poltsa horiek etxetik ekarri ditugun kotoizko izara zuriekin prestatu ditugu".

Materiala prezio "justu eta egokian" salduko dutela nabarmendu dute ikasleek; objektu merkeenak euro baten truke erosi ahal izango dira, eta garestienak 20 euroren truke, gehienez. "Helburua material horri bigarren bizitza bat ematea da eta, aldi berean, ikasbidaia ordaintzeko dirua lortu nahi dugu. Horrela, gure gurasoek ez dute ezer ordaindu beharrik izango, eta dirua gure esfortzuaren truke eskuratuko dugu", azaldu dute.

Herritar guztiak gonbidatu dituzte postura gerturatzera. "Materiala biltzeko ahalegin handia egin dugu eta ilusio handiz prestatu dugu azoka. Beraz, animatu eta etorri!", erantsi dute.