Orain bost urte stolperstein bat jarri zuten Jose Mari Irusta Mugarzaren omenez Lersundi kalean, nazismoaren izugarrikeriak gogorarazteko. Stolperstein hitzak "estropezu egiteko harria" esan nahi du alemanez, eta horrelako oroigarriek ibiltariaren arreta erakarri nahi dute; 1933tik 1945era bitartean kontzentrazio esparruetan nazionalsozialistek erbesteratutako eta eraildako milioika pertsona banan-banan oroitzea dute helburu.
Harria 10x10x10 zentimetroko porlanezko kubo bat da eta goialdean letoizko plaka bat darama; oroitzen den pertsonaren datuak agertzen dira bertan.
Helburua honakoa da: bidean harria hautematean, pertsona geldirik geratzea eta makurtzea, plakan idatzita dagoena irakurtzeko. Agur edo erreberentzia hori oroitzen den pertsonarenganako errespetu-keinu baten parekoa izan liteke.
Stolperstein harria eraildakoaren jaiotetxearen, azken bizilekuaren edo lantokiaren aurrean jartzen da. Eta Lersundi kalean ezarritako harriaren ondoko etxean jaio eta bizi izan zen, hain justu, Jose Mari Irusta (Deba, 1908-11-17, Melk 1944-11-13).
Gunter Demnig artista alemaniarraren proiektua da Stolperstein; halako hainbat harri daude Euskal Herrian eta milaka 20 herrialdetan baino gehiagotan.