KOLABORAZIOA

Jose Luis Albizuren eta Xabier Lakaren kolaborazioa: ‘Memoria hilobitik ateratzen’

Berriketan 2023ko aza. 10a, 09:00

Azaroaren 13an 79 urte beteko dira Jose Mari Irusta Mugarza Melk-eko kontzentrazio esparruan erail zutenetik. Nazismoaren izugarrikeriak gogoraraziz, plaka bat ezarri zuten orain lau urte Lersundi kalean. Haren bizitzaren zertzelada batzuk jaso dituzte Berriketan-era igorritako idatzian.

Jose Mari Irusta Mugarza Deban jaio zen 1908ko azaroaren 17an, Pilotalekua deritzon Lersundi kaleko etxean, oraingo 6 eta 8 zenbakidunen tartean, sarrera San Roke kaletik duela. Aita Gillermo iturgina zuen eta ama Nikolasa etxekoandrea; lau seme-alaba izan zituzten.

Ikasle ona zen Jose Mari; matematikarako erraztasuna eta letra ona izanik, Banco Guipuzcoanon hasi zen lanean eta hainbat sukurtsaletako kontabilitateaz arduratzen zen. Matxinada lehertu zenean, Eusko Abertzale Ekintzako afiliatua zen eta Eusko Jaurlaritzako kontu-eramaileen taldeko kide izan zen. Bilbo erori zenean, Iparraldean errefuxiatu zen, Ramon eta Jose Luis anaiak bezalaxe.

1944an ebakuntza egin behar izan zioten Biarritzeko ospitale batean; eta, bi egunera, artean bere onera etorri gabe zegoela, atxilotu egin zuen Gestapok. Garai hartan atxiloketa ugari ausaz egiten zituzten eta Jose Mariri espioi izatea leporatu zioten. Egun haietan lehorreratu ziren aliatuen tropak Normandian eta Frantziako erdialdera zihoazen; beraz, atxilotuetako asko espioi izateaz akusatu zituzten, atxilotzeko aitzakia besterik ez bazen ere.

Gestapok 1944an atxilotu zuen; garai hartan atxiloketa ugari ausaz egiten zituzten eta Jose Mariri espioi izatea leporatu zioten

Jose Mari Bordelera eraman zuten 1944ko abuztuaren 9an eta handik Tolosara (Frantzia); han “tren mamuan” (gehienbat gauez ibiltzen zelako deitzen zioten horrela) abiarazi zuten. Aliatuek ez zekiten tren hark zer zeraman barruan eta behin eta berriz metrailatu eta bonbardatu zuten. Ondorioz, hainbat atxilotu hil ziren bertan. Gutxi batzuek ihes egitea lortu zuten, bagoien zoruan zuloak egin eta, trena martxan zela, haietatik jauzi eginez. Alemanen dokumentuetan agertzen denaren arabera, trenak 60 bat euskaldun zeramatzan.

Gerraren hasieran, kontzentrazio esparruetan sartutako pertsonak berehala asasinatzen zituzten. Ondorenean, 1942tik aurrera, alemanek nahiago izan zuten atxilotuak gerrarako materiala bideratzen zuten fabriketan lanean jartzea. Jose Mari Dachaura eraman zuten lehenbizi eta Mauthausen-era gero: 1944ko abuztuaren 28an sartu zuten azken horretan, 93956 zenbakiarekin. Austriako lurraldean kokatua, kontzentrazio esparru hura hainbat kanpamentuz osatuta zegoen, eta haietako batera, Melk-era, eraman zuten; gerra fabrikak eraikitzeko tunelak egiten zituzten bertan.

Nazismoaren izugarrikeriak gogoraraziz, plaka bat ezarri zuten orain lau urte Lersundi kalean. ARGAZKIA: ANDER SALEGI.

Tren mamuan zeramatela, Bitor bizkaitarrarekin egin zuen topo; meatzari izana zen hura eta lagun egin ziren berehala. Meatzariak trenean eta kontzentrazio esparruan biziraun zuen eta, askatu eta hiru hilabetera kontatu zuenez, Jose Mari gurasoekin oso arduratuta zegoen, bera non zegoen ez jakiteagatik izango zuten sufrimendua zela eta. Meategiko lana oso gogorra zen eta Bitor ohitua zegoen; Jose Mari ez, ordea, eta itogarri gertatu zitzaion. Batzuetan, langileei esan gabe lehertarazten zuten dinamita; barazki ustelez eginiko zopa jaten zuten, arreta medikurik ez… horrek guztiak larriki gaixotu eta heriotza ekarri zion. Melk-eko heriotza-agiriak dioenez, 1944ko azaroaren 13an hil zen.

Mauthausen-Gusen kontzentrazio esparrua 1945eko maiatzaren 5ean askatu zuten.