Arantxa Tapiak eta Iñigo Ucinek hitzaldia emango dute bihar Kultur Elkartean

Berriketan 2024ko aza. 6a, 10:49

"Etorkizuneko ikuspegiak gure esperientzietatik" izenburupean ariko dira bi hizlariak eta Joxean Egañak aurkeztuko du solasaldia. Debako Kultur Elkartean izango da saioa, bihar (azaroak 7), 11:00etan.

Arbil Elkarte Sozialaren ekimenez egingo da biharko hitzordua eta, antolatzaileek nabarmendu dutenez, "gure egungo ingurune ekonomikoa eratu duten erabaki erabakigarrien erdigunean" egon diren bi hizlariak zuzenean entzuteko "aukera paregabea" izango da bertan.

Ezaguna da Kultur Elkartean izango diren bi hizlariek ekonomia eta garapen profesionalaren alorrean egin duten ibilbidea. Besteak beste, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua izan da azken hamabi urteotan. Iñigo Ucin, aldiz, Mondragon Taldeko presidentea izan da duela gutxira arte. Joxean Egañak egingo ditu aurkezle lanak.

Arbil elkarteko kideen esanetan, "benetako luxua" da bi hizlariak Deban izatea. Nabarmendu dutenez, beren ibilbide profesionala kontuan hartuta, "etorkizunean izango ditugun erronkei eta aukerei buruzko ezagutza" herritarrekin partekatuko dute gonbidatuek eta, hortaz, "saio interesgarria" izango dela azpimarratu dute.

Hitzaldia 11:00etan hasiko da, Debako Kultur Elkartean, eta irekia izango da. Herritar guztiei egin diete bertaratzeko deia.