Datorren urterako ordenantza fiskalak onartu dituzte azken osoko bilkuran

Berriketan 2024ko aza. 5a, 11:39

Debako udal gobernuak jakinarazi bezala, 2025ean udal tasa eta zerga gehienak %5 igoko dira eta hondakinen zerbitzuari dagokiona, berriz, %8,5 igoko da, Debabarrenako Mankomunitateak ezarritakoaren arabera. Nabarmendu dutenez, "kostuen igoeraren aurrean, udal zerbitzuen kalitatea bermatzea" da neurri horren helburu nagusia.

Debako udalbatzak joan den astean (urriaren 30ean) egin zuen ohiko osoko bilkuran onartu zituen datorren urterako ordenantza fiskalak, eta 2025ean udal tasa eta zerga gehienak %5 igoko direla azaldu zuen udal gobernuak bilkuraren ondoren helarazitako prentsa oharrean. 

Erabakia udal zerbitzuen kalitatea bermatzeko helburuz hartu dutela nabarmendu du udal gobernuak: "Egungo testuinguru ekonomikoaren jakitun izanik, udal tasak eta zergak handitzeko erabakiak udalaren kostu operatiboen igoerari eta funtsezko zerbitzu publikoen etorkizuneko iraunkortasuna ziurtatzeko beharrari erantzuten die. Gure lehentasuna da herritarrei eskaintzen dizkiegun zerbitzuen kalitatea mantendu eta bermatzea. Badakigu egungo egoera ekonomikoak guztiei eragiten digula, baina igoera hori ahalik eta neurrikoena izan dadin lan egin dugu, Debako herritar guztientzat kalitatezko zerbitzu publiko irisgarriak eskaintzen jarraitzeko".

"Erabaki arduratsuak"

Inflazioak eragindako testuinguru sozioekonomikoaz gain, azken urteetako politiken eragina ere azpimarratu du udal gobernuak berriskupen fiskal honetan: "Politika horiek udal gastuak nabarmen handitu dituzte, eta orain erabaki arduratsuak hartzea dagokigu, zerbitzuen jarraitutasuna eta kalitatea arriskuan jarri gabe". Gaineratu dutenez, "udalaren egungo egoerak gauzak beste modu batera egiteko aukera emango baligu, edo igoera txikiagoa aplikatu ahal izango bagenu, zalantzarik gabe, hala egingo genuke, baina ez da horrela".

Horiek horrela, argitu dute tasen igoeraren helburua ez dela herritarren gaineko presio fiskala areagotzea, "debarren ongizaterako funtsezkoak diren zerbitzu publikoen jarraipena eta kalitatea bermatzea baizik". "Debako Udalaren helburua da datorren urteari begira, baita etorkizunean ere, Debak bere azpiegiturak eta zerbitzuak zaintzen dituen udalerria izaten jarraitzea, herritar guztientzat ingurune egoki bat eskaintzeko", gaineratu dute. Baita ondokoa erantsi ere: "Neurri honekin, Debak bere zerbitzu publikoak eta herritarrak zaintzen dituen udalerria izaten jarraituko duela ziurtatzen dugu, guztiontzako ongizatea eta etorkizuna bermatuz”.