De Cardenas atzo (urriak 22) goizean hil zen, 85 urte zituela. Arkitekto familia batean jaio zen eta aurreko belaunaldien bide beretik, arkitektura ikasketak egin zituen; besteak beste, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko katedradun irakasle emeritua izan zen.
Bihar (urriak 24) 17:00etan izango da haren aldeko hileta elizkizuna, Madrileko Ferraz kaleko Sagrados Corazones elizan. Gaur (urriak 23) ere izango da De Cardenasi azken agurra emateko aukera; Tres Cantoseko (Madril) La Paz beilatokian, 14:00ak arte. Ondoren, meza izango izango da eta, ondoren, gorpua erraustu egingo dute.
Ohiko udatiarra
De Cardenasek betidanik izan du lotura estua Debarekin. Bilbon jaioa 1939ko apirilean, Madrilen bizi zen, eta ohiko udatiarra zen herrian; bera ez ezik, bere familiako beste hainbat kide ere ohiko udatiarrak dira edo izan dira.
Alex Turrillas Aranzeta historiazaleak gogora ekarri duenez, De Cardenasen familiakoak duela 150 urte baino gehiago hasi ziren uda herrian igarotzen. "Oso harreman estua izan dute beti herriarekin. 1949an, udalak adopziozko seme izendatu zituen Manuel de Cardenas (Javierren aitona) eta bere familia".
Prado Amenoko markesa, gainera, Cardenas Fundazioaren presidentea ere bazen. Fundazio horrek, besteak beste, Deba 100 hitzetan literatur lehiaketa edo urtero antolatzeko den aire zabaleko margo sariketa diruz laguntzen ditu, eta herrian egindako beste hainbat proiektutan ere egiten du ekarpena. Karta-jokoen zalea ere bazen eta, horri esker, Debako baraja legendarioa karta-sorta berezia kaleratu duen iaz Cardenas Fundazioak; herriko kondairak zituen oinarri sortak.
Atsekabea
Heriotzaren berri izan orduko, Debako Udalak doluminak helarazi dizkie De Cardenasen familiako kideei, herriaren izenean. "Javierrek maitasun handia erakutsi du beti Deba zein debarrekiko eta bere familia-loturaren eta Cardenas Fundazioaren bitartez; hainbat proiektu bultzatu ditu gure herrian, itzal ahaztezina utziz gure artean. Debako Udalaren izenean, gure eskerrik beroenak adierazi nahi ditugu Debarekiko erakutsitako eskuzabaltasunagatik eta konpromisoagatik. Haren ondare kulturalak eta Debarekiko maitasunak gure oroimenean iraungo dute betirako. Gure doluminak familia eta inguruko guztiei, une zail honetan", zabaldu dute sare sozialetan.
Alazne Txurruka alkateak ere atsekabea agertu du De Cardenasen heriotzaren aurrean. "Gure herriarenganako maitasuna ukaezina izan da. Faltan botako dugu. Goian bego".