Tokiko bilduma eta ondare kulturala aberastera dator Debako baraja legendarioa, ziurrenik orain arte gurean ezagutzen ez genuen modu batean. Karta-sorta bat da finean, baina ezohikoa, berezia; jokoan aritzeko balio du eta, aldi berean, lagungarria izan daiteke herriko historia ezagutarazteko, eta interesgarria karten edo bitxikerien bildumak osatzea gustuko duten haientzat ere.
Karta-joko tradizionaletan ohikoak diren paloak, koloreak eta irudiak albo batera lagata, herriko lau elezaharrekin lotutako elementuak ditu oinarrian. 42 karta eta lau palo ditu: goruak, arpoiak, dorreak eta kateak (palo bakoitzak hamar karta dauzka, eta gainontzeko biak komodinak dira). Txota, zaldi eta erregeen kartarik ez dago, eta haien ordez kondairetako pertsonaia ezagunak ageri dira.
Elezaharretako protagonistak aurkeztearekin batera, palo bakoitzaren sinboloen esanahia ere azaltzen da liburuxkan
Protagonista horiek aurkeztearekin batera, palo bakoitzaren sinboloen (eta batekoen) esanahia azaltzen du karta-sortarekin batera argitaratu den liburuxkak. Jose Ignacio Trekurenak dira ilustrazioak, eta Alex Turrillas Aranzeta historiazalearenak, berriz, azalpenak. Diseinuaz eta maketazioaz Pablo Turrillas arduratu da.
Egileek azaldu bezala, lau elezahar daude karta-sortaren oinarrian: Debako irulea, Hiru olatuak, 'Gau-illa' Alostorreako kondaira eta Irarrazabalgo hormarteratua. Aspaldikoak dira guztiak, batzuk Erdi Arokoak ere bai. Ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi transmititu ziren mendeetan zehar, 1866an Juan Venancio Araquistain idazle debarrak (1830-1906) Tradiciones vasco-cantabras liburua kaleratu zuen arte, bertan jaso baitzituen idatziz. Harrezkero, argitalpen eta bertsio ugari plazaratu dira.
Bi zaletasun bat eginda
Cardenas Fundazioari eta bereziki fundazio horretako presidente den Javier de Cardenas Chavarri, Prado Amenoko markesari esker ikusi du argia Debako baraja legendarioa-k.
Proiektuan parte hartu duen Alex Turrillasek gogorarazi bezala, De Cardenasek betidanik izan du oso lotura estua Debarekin. Bilbon jaioa da, Madrilen bizi da, eta ohiko udatiarra da herrian; bera ez ezik, bere familiako beste hainbat kide ere bai. "Duela 150 urte baino gehiago hasi ziren uda bertan igarotzen eta oso harreman estua izan dute beti herriarekin. 1949an, udalak adopziozko seme izendatu zituen Manuel de Cardenas (Javierren aitona) eta bere familia".
Debako Udalak bidelagun izan du Cardenas Fundazioa azken urteotan herrian egindako beste hainbat proiektutan, hala nola Deba 100 hitzetan literatur lehiaketan edo kale margo sariketan.
Javier de Cardenas bera karta-jokoen zalea da. Asescoin Karten Bilduma eta Ikerketarako Espainiako Elkarteko kide da, eta Habanako Karten Museoaren sortzaile. Eta, aldi berean, oso gustuko ditu Debako elezaharrak. Kartak eta kondairak; horra hor, bada, bere bi zaletasunak. Bi afizio horiek uztartuz, berea izan zen karta-sorta egiteko proposamena. Azken emaitza herritarren eskura dago jadanik, 20 euroan (Arkatza eta Masillo liburu-dendetan, eta turismo bulegoan).