Joan den igandean eman zitzaien hasiera Arimen Gaua ospatzeko antolatu diren ekimenei. Debako Kontalariek ipuin kontaketa saio berezia egin zuten Agirre jauregian eta, nabarmendu dutenez, haur eta guraso andana batu zen hitzordura.
Egitarauak aste honetan izango du jarraipena. Urriaren 31rako prestaketa lanak aurreratze aldera, bihar mozorroen burukoen eta apaingarrien tailerra egingo dute Agirre jauregiko erakusketa gelan (18:00etan). Halaber, beste bi tailer egingo dira datozen egun edo asteotan: bata, urriaren 21ean (astelehena), eta bestea, 29an (asteartea). Azken bi saio horiek Kultur Elkarteko liburutegian izango dira.
Tailerretan izarak, trapuak eta kortina zaharrak erabiliko dituzte, baita kristalezko pote gardenak eta sokak ere, besteak beste. Ahal den neurrian, birziklatutako materiala erabili ahal izateko, material bilketari ere ekin diote. Luzaro ikastetxean izarak, trapuak eta kortina zaharrak biltzen ari dira; eta material berdina (kristalezko pote gardenekin eta sokekin batera) Arbil Elkarte Sozialera ere eraman daiteke (10:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara bitartean).
Haurrentzako zinema igandean
Bestalde, igandean (urriak 20) umeentzako film emanaldia egingo da, 17:00etan. Laban, mamu txikia. A zer beldurra! filma proiektatuko dute Kultur Elkartean.